Aititaren betaurrekoak
Aititaren betaurrekoak
Agus Perez
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-63-1
Agus Perez
1954, Bilbo
 
 

 

Lan honekin estreinatu zen Xentimorik Gabe konpainia, formatu eta estetika alprojaren aldarrikapena eginez, eta aretoaren abandonu egoerak ere ezin hobeto ezkondu zen emanaldiaren eta artisten planteamenduarekin.

 

Honorio Albanian dago

 

2011ko maiatzaren 23a

 

—ANTZERKIA—

XENTIMORIK GABE

Konpainia: Xentimorik Gabe. Zuzendaria: Asier Sota. Antzezle-musikariak: Ramon Agirre, Inazio Tolosa. Lekua: Antxon Aiestaran kultur gunea (Añorga - Donostia). Eguna: Maiatzak 21.

 

      Añorgako kultur gunearen itxura zeharo berezia da. Auzuneko zinema, antzoki eta ekitaldi-areto zaharrak garai bateko handitasun zimeldua gordetzen du oraindik ere, baina bere horma arrakalatuak eta behegain hondatua edozein ekintza libretarako gordelekua izan litezke. Horrexegatik iruditu zait hain aproposa Ramon Agirre eta Inazio Tolosaren emanaldia bertan ikustea, kanpoko bildukia guztiz bat zetorrelako istorioko pertsonaien handitasun kolpatuarekin.

      Ray eta Nick dira Xentimorik gabe-ko protagonistak, eta musikari ibiltariak balira bezala sartu dira aretoan, batek gitarra eta besteak tronpeta joz, Balkanetako kale-musikarien antzera, eta beraiekin batera munduko lekurik exotikoenetaraino joan gara, denboran atzera eta aurrera eginez, desordenarik miresgarrienean, beraien burutazio bihurgunetsuen arabera. Oroitzapenen bidaia zoragarri horretan era guztietako pertsonaiak ezagutu ditugu, frantses eta italiar abesti ezagunen nahasketa zaporetsua dastatu dugu, zorabiatzeko moduko emakume eder bat maite dugu, giro iluneko musika-klubeko ugazaba mafioso baten menpe ibili gara, Elvis Presleyren eta Migel Strogoffen telegrama bitxiak jaso ditugu eta Honorio delako baten zain egon gara, irudimenaren mapetako Albania ezinezko hartan aurkitu dugun arte, ezustean.

      Bitartean, musikari eta antzezle, kontu-kontalari eta jausitako heroi ibili dira Agirre eta Tolosa, zein baino zein gizatiarrago, samurrago, biziago, beraien handitasun zimeldua lau haizeetara aldarrikatuz. Zalantzarik gabe, biek eratu duten bikote eszenikoa bikaintasunera heldu da, apaltasunaren eta zintzotasunaren balioak beren lanaren oinarri sendoenak izanik. Eta ikusleok artistekin batera gozatu dugu, larunbat gauaren hasieran, beraien gorputz eta arimak erabiliz prestatu diguten koktel bizigarriarekin.