Aititaren betaurrekoak
Aititaren betaurrekoak
Agus Perez
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-63-1
Agus Perez
1954, Bilbo
 
 

 

Alfred Jarryren Ubu Roi ikonoklasta taularatzera ausartu ziren Irungo Legaleon-T taldekoak, eta emaitza eszenikoa bikaina izan zen, haiengandik espero genuen bezala. Batzuek oraindik gogoratzen dute Espe Lopezek bere pertsona soilarekin poloniar armada osoa ordezkatu zuenekoa.

 

Merdre!

 

1996ko azaroaren 2a

 

—ANTZERKIA—

¡UBU!

Taldea: Legaleon-T. Obra: Ubu. Zuzendaria: Oscar Gomez Mata. Koreografia: Delphine Rosay. Eremu eszenikoa: Carlos Perez Donado. Jantziak: Titare. Argiztaketa: Javier Molina. Antzezleak: Patxi Perez, Ana Perez, Miguelon Olmedo, Ignacio Fdez de Jauregi, Esperanza Lopez. Lekua: Amaia Antzokia. Eguna: Urriaren 25a.

 

      Merdre!, dagoen moduan, “r” bat soberan, Ubu Roi testuaren lehen hitza da, eta beraz, hitz zatar eta gordin hori, txarto ahoskatua gainera, izan zen obraren estreinaldian esandako lehena. Lehendabiziko emanaldi hura orain dela ehun urte izan zen, Parisko Nouveau Théâtren hain zuzen ere, eta zorioneko hitza entzun bezain laster publikoaren erdia altxatu zen besaulkitik eta beste erdia aldekoen eta kontrakoen artean erdibitu zen. Garai hartako kronikek diotenez, hamabost minutu behar izan ziren irainak eta liskar fisikoak baretzeko eta obraren bi emanaldi besterik ez ziren egin, baina Alfred Jarry egilea antzerki-kontzeptu berri baten asmatzaile bezala geratu zen betiko, ordura arte ezagutzen zen guztia hautsiz. Eta zelan, gainera!

      Merdre!, berriro ere hitz zatar eta gordin hori, gaizki ahoskatua gainera, izan zen Irungo Amaia antzokian esandako lehen hitza, pasa den asteburuan. Legaleon taldearen hamar urteak betetzen ziren bertan eta jendez gainezka zegoen aretoa Ubu izeneko antzezlanaren estreinaldia ikusteko. Guztiz egokia iruditzen zait Irungo taldeak egindako hautaketa bere urtemuga ospatzeko, Legaleonen eta Alfred Jarryren arteko parekotasun harrigarria dela eta. Eta norbaitek esandakoa sinesten ez badu, irakur ditzala Jarryk berak duela ehun urte adierazitako asmoak, taldearen estilokoak bete-betean. Ikus dezagun bat hasteko: “…jantziak ahalik eta egokien izatea, hobe modernoak eta zekenak badira, drama miserableagoa eta zatarragoa gerta dadin”. Mundiala deritzot, bestetik, Jarryk asmatutako patafisika edo fantasia eta salbuespen zientzia berria, eta deigarriak suertatzen dira Jarryren beste ideiak ere, esate baterako keinu unibertsala bilatzen duenean edota pertsonaia nagusirako ahots berezi bat eskatzean, zeren ahotsaren eta keinuaren modulazioa dira batik bat konpainia honen berezitasuna; ahotsa eta keinua desitxuratu egiten dira groteskotasuna lortu arte, nahita desegituratzen dira testuaren ahalmen suntsitzailea indartzeko, eta sortzen den efektua Jarryk berak ere ez zukeen imajinatuko.

      Baina denboraz gaindiko sinbiosi hau ez da hemen amaitzen, egileak beste xehetasun bat garbi eman baitzuen: “…jende mordoak eszenatokitik ezabatzea, txarto geratzen direlako eta ulertzeari trabak ipintzen dizkiotelako; beraz, soldadu bakar bat egongo da desfilearen eszenan eta beste bakar bat matxinadetan”. Argibide hau oztopotzat jo beharrean, muntaiaren probetxurako erabili du Legaleon taldeak, hamasei pertsonaia edo gehiago gorpuztuz bost antzezleren artean, eta mirakulu hau posible da Legaleonekoak diren moduan direlako bereziki, eta baita karakterizazio arinari eta guztien gaitasun histrionikoari esker ere. Bestalde, testuaren moldaketa trebeak eta musika-nahasketa sinetsezinak gaurkotasun eta etorkizun esanahi nabaria ematen diote Ubu honi. Eta hau guztia bota ostean, bakarrik geratzen zait honako hau esatea: luzaro bizi dadila Ubu gure bihotzetan! Eta urte luzez iraun dezan Legaleon taldeak gure eszenatokietan!