Aititaren betaurrekoak
Aititaren betaurrekoak
Agus Perez
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-63-1
Agus Perez
1954, Bilbo
 
 

 

EZKUTUKO MAMU-SATORRAK

 

      Konplikatua da hurbileko kritikari batentzat iruzkinak egiteko ahalmena gordetzea eta inor ez haserretzea. Batzuetan tonu-kontuetan ez dut asmatu, argi dago, eta beste batzuetan hitz desegokiren bat agertu da testuan, mingarria suertatu dena kritikaren jasotzailearentzat.

      Munduko arreta guztiaz ibili arren, beti-beti ezin da erabat asmatu horrelako kontuetan, eta horretan zenbait faktore tartekatzen dira, presa eta nekea haietariko nagusiak izanik. Eta gero, badago ezkutuko eragile bat, beti sator eran dabilena, beti hor itxaroten dagoena, ea sastakada noiz sartuko dizun, eta labankada beti dator inolaz ere espero ez duzun une horretan.

      Gerizpean dabilen traidore horrek bere ezkutalekua dauka idazte prozesuan, hau da, buruan sortzen ditugun ideietan hasi eta irakurleen buruan sortzen diren ideietan amaitzen den prozesuan. Telepatia oraindik oso gutxi garatu dugun fenomenoa izanik, tarteko pauso batzuk behar ditugu buru batetik beste batera doan bidea gauzatu ahal izateko, eta honako hauek izan daitezke:

— Kritikariak emanaldia ikusi eta bere buruan jaso dituen informazioak, irudiak eta sentsazioak gordetzen ditu.

— Behin etxera ailegatuta, esandako hori mentalki ordenatu, informazio osagarriak bilatu, nolabaiteko zentzu logikoa eman eta testu bihurtzen du.

— Hurrengo egunean, bart gauean idatzitakoa berrikusi, ea zer demontre sortu zuen haserre edota pozaren ostean, Euskal Herriko edozein puntutatik etxerainoko bidaiaren ostean, edozein errepide-kontrol ondo edo ez hain ondo igaro ostean, gaueko ordu txikietan eta cava neurrigabe edan ostean (idazte prozesuan, ez errepidean).

— Egunkariaren erredakziora bidali eta, zorte apur batekin, aurretiaz hitz emandako datan agertuko delako esperantzaz geratzen da gure kritikari sufritua.

— Balizko irakurleak kritika aurkitu eta irakurriko du, bere buruan jasoz kritikariak igorritako informazioa, irudiak eta sentsazioak.

      Ondo bidean, prozesuaren katea egoki bete da, eta denok pozik. Baina batzuetan, hortxe agertuko da ezkutuko mamu-satorra, eta hara non paperean agertzen denak —nahiz eta kritikariak bidalitakoaren berdin-berdina izan— oso inpresio diferentea eragiten duen, kritikariak berak pantailan ikusten zuenarekin alderatuta. Tonuan asmatu ez izana izan daiteke, hitz edo adjektibo baten interpretazio subjektiboa…

      Halako kasuetan badirudi zerbait ezkutuan esan nahi nuela —eta batzuetan egia da, baina beste batzuetan ez—, edo hitz batek oso karga gogorra hartzen du jasotzailearen interpretazioan, batez ere erdalduna baldin bada eta sasi-itzultzaile lotsagabe batek euskaratu badio. Beste batzuetan, kritikaren jasotzailea (artista edo konpainia) deseroso sentitzen da iritzi baten inguruan, nik nahi gabe bere punturik ahulena ukitu dudalakoan.

      Batzuetan oso erreakzio gogorrak jasan ditut nire iruzkinen ondorioz. Hala ere, urte hauetan guztietan gutxi izan dira eta lasai nago alde horretatik: denborak dena jartzen du bere lekuan, nire iruzkin desegokiak barne. Ordea, beste aldean pertsona zintzoak egotekotan, hau da, jende jatorra, nahiko ondo argitzen edo konpontzen dira ika-mikak, zintzotasunetik hitz eginez. Eta are hobeago konpontzen dira trago baten bueltan egonez gero.