Aititaren betaurrekoak
Aititaren betaurrekoak
Agus Perez
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-63-1
Agus Perez
1954, Bilbo
 
 

 

Igor Calonge gure koreografo handienetariko bat da, handiena ez esatearren, baina gurean dantzak duen proiekzio eskasak eragozten dio europar sortzaile ezagunen artean —gutxienez maila ertainean— egotea. Zer egin ahalko luke handienen dirua eta babesa lortuz gero?

 

Emozioen mundu hauskorrean

 

2015eko urriaren 27a

 

—DANTZA—

TORMENTA

Konpainia: Cielo Raso. Zuzendaria: Igor Calonge. Dantzariak: Beñat Urretabizkaia, Nekane Mendizabal, Gorka Gurrutxaga. Lekua: Bilboko La Merced ikastetxeko aretoa. Data: Urriak 25.

 

      bad jaialdia ekoizle kidea dela aurkeztu du Igor Calongek bere azken sorkuntza, Tormenta izenekoa. Nik ez dakit bera ere konturatu ote den —baiezkoan nago—, baina latinez pentsatuz gero tormentuak da izenburuaren euskarazko ordaina, eta argi dago emozioen ekaitzek tormentu ugari ekartzen dizkigutela, pieza eredugarri honetan irudikatu den bezala.

      Aspaldian hartutako bideari espero zen jarraipena emanez, maila goreneko pieza bat eskaini digu Calongek eta, berrikuntza moduan, ez da bera egon taula gainean, onestasun osoz onartuta ahalegin itzela eskatzen duela joko gogor honetako alde bietan egoteak, bere prestakuntza fisikoak horretarako eta askoz gehiagorako eman arren.

      Donostiar koreografoaren unibertsoan beti elkartzen dira era aberasgarrian elementu eszenikoen erabilera, soinu-banda, mugimenduaren diseinua eta sakoneko planteamendua, eta kasu honetan ere ildo horretatik ibili da proposamena. Ikusleak aretora sartu direnean bi dantzari ikusi dituzte argi-ilunean eta jarrera estatikoan. Ezinbestean, behegainetik barreiatuta zortziehun inguru edalontzi zeudelako. Hasierako atalean edalontzien artean ibili da neska dantzaria, oinetan baso bana zeramala takoi zapatak balira bezala. Noraezeko ibilera horretan edalontzi bat irabazi du urrats bakoitzean, eta goraka joan da eszenak sortutako tentsioa, dantzari ibiltariak pauso bakoitzean altuera hartu, baso batzuetako urak zipriztin ikusgarriak sortu eta oreka zailtzen zen bitartean.

      Hortik aurrera, emozioen mundu hauskorra irudikatu dute hiru dantzariek Johan Paul von Westhoffen musika zati ederrek lagunduta, eta balizko narratibotasun antzua gero eta urrunago geratu da, dantzaren purutasunaren izenean eta ikusleek proposamenaren hari eroalea galtzeko arriskua gorabehera.

      Baina halako batean bat egin dute ordura arte sakabanatuta zeuden pieza guztiek, eta emozioen gorakada geldiezina izan da. Calongeren aurreko lanetatik ezagutzen genuen Beñat Urretabizkaiaren gaitasun fisiko itzela, oraingo honetan Gorka Gurrutxagarekin konpartitu duena. Batak zein besteak eratu dute Nekane Mendizabalen kontrapuntua, eta dantzaren diseinua ez da inoiz sartu bikote edo hirukoteen kontu merkeetan, une oro geratu baita dantzaren arteari dagokion iradokitze eremuan.

      Nekane Mendizabalek, aldiz, kemen eta gihar-tonu sinesgaitza erakutsi digu, eta edertasun goreneko eszena batzuen protagonista izan da, gizon baten besoetatik bestearen besoetara airetik igaro denean, duo pasionatu estrainioak batekin zein bestearekin dantzatu dituenean, gizon bakoitzaren pisuari bere gorpuzkera txikiarekin eutsi dionean eta, piezako punturik gorenean, Beñaten gorputz estatikoa hirutan eskalatu duenean, haren besoetan abiadura geldoan jausteko eta berarekin amodiozko duo ezin ederrago batean amaitzeko.