Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Bi maitasun Mikel Lizarralde
Lan, obra, ikuskizun, proposamen…
Maletak, euritakoak, bizikletak
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Bi maitasun Mikel Lizarralde
Lan, obra, ikuskizun, proposamen…
Maletak, euritakoak, bizikletak
GUSTATU EGIN ZAIDALA IGARRI OMEN DA
Durangoko da! egunetan aspaldiko lagun askorekin topo egiten duzu, eta urte batean bizpahiruk komentatu didate antzezlan jakin bati buruzko kritika irakurtzean igarri omen zutela ez zitzaidala hainbeste gustatu.
Ni, ordea, baiezkoan nagoela esan diet. Momentuz, bitan ere ikusi dudala eta seguruenik hirutan ere ikusiko dudala. Baina pentsakor utzi nau lagunen edo ezagunen gogoetak, eta neure baitarako pentsatu dut: “Hainbeste igartzen da gustatu ala ez gustatu izanaren kontu hori?”.
Neure burua desenkusatu nahian edo, azaldu egin diet neke kontua izan litekeela nahi gabe emandako sentsazio arraro horren atzean dagoena. Bereziki komeni ez zaizun udagoieneko arratsalde-gau batean Bilbotik Luhusoraino joan, errepidearen nekea (gidatzea asko gustatzen zait hala ere), bertan zaudela hainbeste giza harremani kasu egitea (gustatzen zait hala ere), emanaldia ahalik eta baldintza onenetan ikustea, emanaldiaren osteko iritzi-trukaketa aberasgarriak (niretzat behintzat oso garrantzitsuak izaten dira), bueltako bidaia (kontrol finkoak eta ezustekoak saihestuz), etxera heldu (denboratxo bat behar duzu gorputzak eta izpirituak bat egin dezaten), ordu txikietan idatzi (nahiago dut beti-beti gau horretan bertan idatzi), ikuskizunak emandako informazio intelektuala eta emozionala deskodetu eta haiei forma idatzi ulergarria eman (irakurlearentzat erakargarria ere bai, ahal bada), idatzitakoa hurrengo egunean errepasatu eta erredakziora bidali, eta bitartean komunetik igaro eta gosaldu egin behar duzu (gosaltzea asko gustatzen zait)…
Adi, lagunok! Ez nabil kexaka, e? Bakarrik ari naiz gustuko —oso gustuko— dudan lan-prozesu bat aletzen. Baina, beharbada, hor zehar zerbait galdu da eta ez dit tarterik utzi antzezlana zenbat gustatu zaidan erakusteko.
Baina, dena den, zertan igarri dute Durangon ikusitako lagunek emanaldia ez zaidala hainbeste gustatu? Beharbada ez zait nik uste nuen bezainbeste gustatu? Zer jarri dut, zer ez dut jarri, zeintzuk hitz edo esamolde baliatu ditut edo beste baterako utzi? Misterio handia da, zinez, eta neure buruari esaten diot beste behin irakurri behar dudala orduan idatzitakoa, baina beste baterako utzi dut orain arte. Beldurrez, ea nik idatzitakoan zer aurkituko ote dudan.