Aititaren betaurrekoak
Aititaren betaurrekoak
Agus Perez
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-63-1
Agus Perez
1954, Bilbo
 
 

 

Sar hitza

 

ehaze

 

      Ganbila bilduma ildo edota estetika askotarikoa izateko bokazioarekin sortu zela azpimarratzera dator Agus Perez kritikariak sinatzen duen liburua. Argitalpen honek, antzerkiari buruzko hausnarketa eta memoria ariketa izanik, atea zabaltzen die antzerki-testuez gain teatroarekin lotura duten beste idazkera mota batzuei ere. Ganbilan arte eszenikoak mintzagai izan nahi ditugu, edozein euskarritan bideratzen direla ere, eta, horregatik, oraingo honetan, gogoeta eta kritika antologia eskaintzen dizkiogu irakurleari.

      Gauza ezaguna da, era egokian funtzionatzeko, kultur sistemek harrera eta hedapen arloak ondo garatuta izan behar dituztela. Kritikaren esparruan arte-lanari hurbiltzeko estrategien errepertorioa, eta horren gaineko ikerketa, nazioartekoan ohikoa da oso. Gurean, antzerkigintzari eta dantzari dagokienez, Agus Perezen lan kritikoa dugu, zalantzarik gabe, ezagutu, bildu eta ikertzeko bakarrenetakoa. Haren sinadurari pista jarraituz gero jakin daiteke, esaterako, azken hamarkadetan antzerki garaikidea ezagutzeko zenbateko eta nolako aukera izan duen euskal herritarrak, edo zeintzuk diren programatzeko garaian lehentasuna duten generoak. Hartara, Perezen idazlanak artxibo edota errepositorio gisa har ditzakegu, dokumentazio iturri gisa uler ditzakegun bezala.

      Orobat, kritikariak, interpretazio lanak egitearekin batera, beste ikusleen iritzia garatzen lagundu beharko lukeela uste dugu; baina, artelana epaitzeko abila izatearekin batera, hauskorra dena edota ernamuintzear dagoena babesteko ahalmena ere izan beharko luke, betiere komunitate artistikoaren garapenaren mesederako. Agus Perezen jarduera aurreko koordenatuetan bete-betean dago kokatuta; euskal antzerkiaren ibilbidea zein den marrazten digun heinean, kimu berrien kokapena erakutsi eta horiek zaintzeko ardura ekarri ohi digu gogora. Perezek ondo baino hobeto ezarri du oreka delikatu batean bere burua, kritikari gisa: antzerkia kultura industria izanda, sormen-bide abangoardista izanda, lekukotzaren zaindaria izaten saiatzen da, eta zubi-lanen eraikitzailea.

      Horregatik guztiagatik, Ganbilak Agus Perezen testuen lagin hautatua eskaini nahi du, arte eszenikoei buruzko euskal kritika balioan jartzeko ahaleginetan.