Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Bi maitasun Mikel Lizarralde
Gustatu egin zaidala igarri omen da
Lan, obra, ikuskizun, proposamen…
Maletak, euritakoak, bizikletak
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Bi maitasun Mikel Lizarralde
Gustatu egin zaidala igarri omen da
Lan, obra, ikuskizun, proposamen…
Maletak, euritakoak, bizikletak
TUTERAN
Behin bakarrik egon naiz Tuteran. Ikuskizun bat ikusten esan nahi dut, zeren eta Tuteran bitan egona naiz egia esan. Lehena gazte ginenean, bidaia desastre baten ondorioz. Handik igaro, ordea, mila aldiz baino gehiago, seguruenik, garai batean hiria bera gurutzatuz, Erdi Aroko zubi zaharra zeharkatuta, gauez beti, Bilbotik Bartzelonara eta bueltako bidaiak ordu txikietan egiten genituelako, errepideetako trafikoa askoz arinagoa baitzen. Gazte ginen, gazte.
Iruñeko Jaso Ikastolak urtero prestatzen duen maila profesionaleko musikalak eman zigun hiria ezagutzeko aukera paregabea, eta harrituta geratu ginen ikustean bertaratutakoek polito betetzen zituztela besaulkiak. Antzokitik ehun bat metrora aurkitu genuen ostatuak sukalde komunitario bat zeukan, erabat hornitua, eta logelatik terraza komunitario eder batera irteten zen. Handik eta zeruko izarrak ikusten egon ginen etxetik ekarritako cava edaten eta emanaldiari buruzko kritika idazten.
Noizean behin, Kantauri itsasoa eta Mediterraneoa lotzen dituzten trenen zaratotsa entzuten zen, egoerari nolabaiteko kutsu planetarioa ematen. Interneterako konexioa, ordea, tren prehistoriko haien abiadura berekoa zen, eta horrek asko zaildu zuen hurrengo goizean kritika bidali ahal izatea.
Ez galdu gero Tutera zaharreko poteoa eta hango enparantza monumentalaren ikuspegia. Ni, behintzat, hurrengo emanaldi euskaldunaren zain nago, hotel berean ostatu hartu eta esandako kontu bi horietaz berriro gozatzeko.
Handik urte bat edo bira Erriberrin egon gara, hango jaialdira etorri direlako Euskal Herritik kanpoko gure konpainia kuttunetariko bi: Galiziako Matarile eta Andaluziako Atalaya. Tarteko egun edo orduetan hango erromanikoaren edertasunaz gozatzeko parada izan dugu, eta Uxueko eliza-gotorlekuko kapiteletan lau apostoluen irudi paregabeak aurkitzeaz gain, atentzioa eman digu zelako presentzia neurrigabea daukaten mahatsek —haien mordoek, haien hostoek— hango eta inguruetako monumentu erromaniko eta gotikoetan.
Noizean behin, antzerkiak aukera politak ematen dizkigu gure herria ezagutzeko. Erriberritik igaroz gero, ez galdu gero Prebostearen etxea eta bertan aurkituko duzuen jatekoa, prefosta.