Aititaren betaurrekoak
Aititaren betaurrekoak
Agus Perez
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-63-1
Agus Perez
1954, Bilbo
 
 

 

ANTZERKIRAKO ZALETASUNA

 

      Zaila egiten zait zehaztea nondik ote datorkidan antzerkirako zaletasuna. Beharbada, ume nintzela Oñatin ematen nituen udek dute errua. Haietariko batean ikastaro moduko bat egin nuen garai haietan Hegoaldean posible zen era bakarrean: amama itxurako Visi andereñoaren etxera bidaltzen ninduten arratsalde batzuetan antzerki-mota berezi baterako prestakuntza jaso nezan —katixima ikastera, alegia—, eta egun batean herriko antzokirik handienean jokatu nuen egokitu zitzaidan rola, meza-mutilarena hain zuzen. Antzokia San Migel parrokia izan zen, eta antzezlana, igandeko meza nagusia, aspaldiko antzezkizun ezaguna baina arrakasta handikoa garai haietan. Hain arrakastatsua, non emanaldia beti berbera izan arren, astero-astero errepikatzen zen. Publiko aldetik, gainera, azken lerroraino beteta zegoen beti antzokia —barkatu, parrokia—, agian sarrera doan izateagatik, agian beste ikuskizun oro debekatua izateagatik. Hala ere, inork ez zuen nire antzezpena txalotu, baina kontsolamendu daukat pentsatzea interprete nagusiak ere ez zuela batere txalorik jaso.

      Ez iezadazue esan, gero, meza santuak eta antzerkiak ez dutela antzekotasun nabarmenik. Gainera, ekitaldi mota biek izan dituzte antzeko bilakaerak: gauza arranditsuak eta errespetu handikoak izatetik askoz izaera funtzionalagoa eta parte-hartzaileagoa bilatu dute azken mendearen amaieran eta honen hasieran, eta —azken konparazioa, baina onena— biak ala biak egon dira desagertzeko zorian.

      Oñatin jarraituta baina atzean utzita meza-mutil emandako berunezko urte haiek, behin Arantzazura joan ginen Lali eta biok astegun batean, eta basilika barruan bakar-bakarrik eta haren handitasunaz gozatzen geundela gure semeak bere lau urteko xalotasunarekin “noiz aterako dira txotxongiloak?” galdetu zigun. Umeek eta zoroek egia esaten dute.

      Baina anekdota horretaz aparte, nik argi daukat nire antzerki-zaletasunerako mugarria izan zela hamazazpi urterekin-edo ikusi nuen Esperando a Godot (Godoten esperoan) gogoangarri hura. Bilbon ezer ere ez zegoen frankismo beteko hartan bazen Instituto Vascongado de Cultura Hispánica delako erakunde bat, eta eldarniozko izen horrekin —Francoren garaian dena zen eldarniozkoa, egia esan— antzerki emanaldi batzuk antolatu zituzten. Kontua da antzezleak bi izan zirela, Samuel Becketten testuak eskatu bezala: bat Roberto Negro handia (fisikoki ere handia zen), eta bestearen izena ez dut gogoratzen, tamalez, hura ere antzezle bikaina zelako. Antzezleak bi ziren, beraz, baina ikusleak ere bi izan ginen, lehen aldian behintzat, bigarren aldirako joana zelako bestea, atsedenaldia aprobetxatuz. Beti eskertuko diet emanaldia bukatu arte niretzat bakarrik antzeztu izana.

      Haiek bai jaso zituzten nire txalorik beroenak.