Aititaren betaurrekoak
Aititaren betaurrekoak
Agus Perez
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-63-1
Agus Perez
1954, Bilbo
 
 

 

Esaten denez, itzultzaileen lana zenbat eta ikusezinagoa orduan eta hobea. Hau da, testu itzuli bat irakurtzean ez dugu ezer arrarorik susmatu behar. Jatorrizko hizkuntzatik xede-hizkuntzara (geure hizkuntzara) ekarritako testua leitu eta listo. Seguruenik, horregatik dira hain ikusezinak itzultzaile onak. Itzultzaile txarra, ordea, laster nabarmentzen da, eta Finzi Pascaren zirku eszeniko honetan jasanezin bihurtu zen egoera: planteamendu eszenikoa testuan oinarritzen zen gehienbat eta gaztelaniazko itzulpena antzezle baten borondate onaren esku geratu zen.

 

Itzultzaile bat, mesedez

 

2015eko azaroaren 11

 

—ZIRKUA—

BIANCO SU BIANCO

Konpainia: Finzi Pasca. Egilea eta zuzendaria: Daniele Finzi Pasca. Musika: Maria Bonzanigo. Jantziak: Giovanna Buzzi. Argiak: Daniele Finzi Pasca, Hugo Gargiulo, Alexis Bowles, Roberto Vitalini, Marzio Picchetti. Eszenografia eta gauzakiak: Hugo Gargiulo. Interpreteak: Helena Bitttencourt, Goos Meeuwsen. Lekua: Donostiako Victoria Eugenia antzokia. Eguna: Azaroak 8.

 

      Daniele Finzi Pasca suitzarrarekin erlazionatuta, zirku eszenikoaren arloko obra batzuk ikusi ditugu Euskal Herrian azken urteotan —Donka, Rain, Nebbia...—, sinadura desberdinekin etorri diren arren. Hasiera batean Cirque Eloizeren sorrera ospatu genuen, Cirque du Soleilen finezia eta maila bikaina italiar erako antzokietara ekarrita. Beranduago ezagutu genuen Teatro Sunil delako proiektua, Laztanaren Antzerki ezizenaren pean, eta ikusi berri dugun Bianco su bianco honetan Finzi Pascak berak eman dio izena konpainia osoari.

      Taula gainean, aldiz, antzezle pare bat baino ez dugu ikusi konpainia oso baten lekuan: Helena Bittencourt brasildarra eta Goos Meeuwsen herbeheretarra. Baina ikusi, gutxi ikusi ditugu, zientoka bonbillak osaturiko baso batean galduta ibili direlako, proposamenaren ahuldadea ezkutatu nahian baleude bezala. Izan ere, hitzezko narrazio batek bete du denboraren ehuneko laurogeita hamarra, orain arteko estilotik aldentzeko asmoa agerian utzita, eta istorioaren balizko interesa izan da ikusleok esna irauteko eduki dugun amu bakarra.

      Kontua da testua gaztelaniaz emateko ardura aktore brasildarraren —Helena Bittencourt— borondate onaren esku geratu dela gehienbat. Ordea, ahoskatzeari begira benetako amildegi bat dago hizkuntza bien artean, eta eskerrak Brasilen galdu egin zela Portugalgo filipismoa —Espainiako Felipe ii.aren arotik omen datorren ebakera itxia, Gaztelako funtzionarioei iskin egiteko sortua—, zeren eta orduan ez genukeen piperrik ere ulertuko. Hala ere, ez da ahoskera arazoa izan, itzulpenarena baizik. Zeren eta ni Portotik ibili ahal bainaiz —demagun— eta kalean, dendetan, autobusetan jendearekin hitz egin nire hala-moduzko portugesarekin. Beraiek erraz barkatuko dizkidate nire hanka-sartzeak, eta batez ere erruz eskertuko lukete beraiekiko begirune eta interesa. Baina horrek ez du zilegi egiten emanaldi oso bat nire portuges kaxkarrean herri lusofonoetan ematea. Are gutxiago kontuan izanda ugariak direla hizkuntza bien arteko tranpa semantikoak edo lagun faltsuak. Horrela deitzen omen dira itzulpengintzan, argi dagoelako ez direla gauza bera frantsesezko exprimer (adierazi) eta gaztelaniazko exprimir (zukutu). Horiexek dira itzulpenetako lagun faltsuak, eta lotsarik gabe agertu dira emanaldian zehar, jatorrizko testua desitxuratu, zapaldu, birrindu, suntsitu eta guztiz ulertezin bihurtu arte.

      Egia da eremu eszenikoa ikusgarria izan dela hasiera batean, goitik zein behetik ereindako bonbillekin, baina diseinu korapilatsu horrek zeharo zaildu du edozein ekintza eszeniko, eta aurpegien aurrean jarritako filamentu goriak gogaikarriak dira edozein begitarako, mundu guztiak dakien bezala, Firefly Forest izen hanpatuko argiztapen hori sinatu duten bost lagunek izan ezik. Gauzak horrela, emanaldian zehar izandako bizpahiru ahalegin poetiko apalak ezerezean geratu dira, baina, ordainean, bertan egon garen guztiok ondo ulertu dugu itzultzaile profesional batek ekarriko zigukeen onura.