Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Bi maitasun Mikel Lizarralde
Gustatu egin zaidala igarri omen da
Lan, obra, ikuskizun, proposamen
Maletak, euritakoak, bizikletak
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Bi maitasun Mikel Lizarralde
Gustatu egin zaidala igarri omen da
Lan, obra, ikuskizun, proposamen
Maletak, euritakoak, bizikletak
Zalantzarik gabe, nafarrak euskaldun izatearen harrotasun-ekitaldi historikoa izan zen Joxemiel Bidadorren omenez egindako pastoral garaikide hau. Maila artistiko gaindiezina erdietsi zuen, eta bertan egon ginenok oraindik daramagu bihotzean.
Ez zen gugandik joan
2015eko urriaren 13a
—PASTORALA—
JOXEMIEL BIDADOR, IRUŅEKO EUSKALDUNAK
Antolatzaileak: Duguna, Karrikiri, Euskaldunen Biltoki, Zaldiko Maldiko. Idazlea: Jon Alonso. Errejentak: Ihitz Iriart, Aritz Ibaņez. Kantugileak: Mixel Etxekopar, Jean Louis Davant, Fernando Rey Escalera, Enrike Diez de Ultzurrun. Aurkezlea: Jose Angel Irigarai. Jantziak: Oier Zuņiga. Oholtza-apaindura: Asisko Urmeneta, Gerardo Murgia. Dramaturgia: Maika Etxekopar. Talde gonbidatuak: San Lorentzoko dantzanteak, Tuterako erraldoien konpartsa, Tuterako gaiteroak. Lekua: Iruņeko Burguen plaza. Eguna: Urriak 10.
Arratsaldeko bostak kanpaietan jo eta istant batzuetara esan zituen Jose Angel Irigaraik Bidador pastorala aurkezteko hitzak, bere estilo literario jasoan. Ez zuten gutxiago merezi Bidadorrek berak eta Iruņeko euskaldunek, eta plazako harmailak betetzen zituzten ikusleak —adin guztietakoak eta Iruņetik zein urrundik ere etorriak— zerbait berezi baten parte sentitzen ziren, eguraldi ederra lagun, non eta Euskal Herriko hiriburuaren bihotzean ohorea eta duintasuna partekatuz, jende eta elkarte askoren elkarlan eredugarriaren ondorioz.
Elkarlan, mugarri eta sentikari kontzeptuak aipatu zituen Irigaraik, eta hirurak bete ziren, ederki bete ere, bertsetak, kantua, dantza eta beste hainbeste elementu eduki zuen pastoral berritu honetan. Arizaleen hasierako sarrera bertatik bertara ikusteko aukera izan nuen, eta beren begietan garbi antzematen zen zirrarak eragindako distira. Gaurko denboretako jantziek tankera dotorea ematen zieten denei eta bereziki turkoen bandokoei, haien janzkera bariatuak eta guztietan brodaturiko zerrendak zirela medio.
Adore handiz sartu ziren guztiak joko-eremura, “hemen gara gu” esango balute bezala, urdinak zein gorriak izan, eta horrek garbi adierazi zigun entsegu askoren fruitua zela ikuskizuna eta antzezleak dena ematera etorriak zirela, abaguneak eskatzen zuen bezala. Aritz Ibaņez errejent erdia lehen harmailan zegoen, testua badaezpada errezitatzen, baina arizale bakar batek ere ez zuen haren laguntzaren beharrik izan, denen baitan zegoen segurtasunaren seinale. Beste errejent erdia —Ihitz Iriart zuberotarra eta Amaren Alabak taldekoa— antzezleen artean aritu zen kantari, bere ahots preziatuarekin abesbatza osoko kantuak edertuz.
Ohiko pastoralen ildotik at, protagonista bera ez zen fisikoki irudikatu, eta haren rola kontalari batek bete zuen, Bidadorren merituak aldarrikatuz eta haren poema batzuk errezitatuz, Hutseaniko hazkurria liburua eskuan zeukala. Hagiografiaren bide horretatik, ikertzaile eta ekintzailearen hurbileko batzuek hartu zuten hitza, hunkiturik, gogora ekartzeko harekin izandako pasarte esanguratsuak, eta Juan Sainzek aipatutakoak ederki laburbildu zuen Joxemielen sanotasun itzela. Bestetik, Joxemielek, San Lorentzoko dantzanteak taldearen sortzaileetariko bat izateaz gain, erro sakonak ezarri zituen Tuteran, eta horrek guztiak ahalbidetu du bai dantzariak bai Tuterako erraldoien konpartsa eta gaiteroak emanaldiaren erdian agertzea, ikuskizunari bizitasuna emanez eta Nafarroako aniztasuna ezin hobeto islatuz.
Bidador, ordea, sinbolikoki agertu zen Makagorri iratxoaren pertsonaian, turkoen taldeari adorea oparituz eta erregimeneko ordezkari urdinei egiak esanez. Hain zuzen ere, hautu horrexetan datza eszenaratze eredugarri honen balio nagusia, boteretsu gezurtien kontrako zirikatze lanean alegia, eta balio mespretxatuen aldarrikapenean, Bidadorrek nahi izan zuen bezalaxe.