Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

GERTATURIKOAK LETREN ARABERA

 

 

( a )

 

        Joxerra Agirrek eta koadrilak uda bidaia egin zuten Baionara. Bertan Joxerra Agirrek amodio eskatu zion Ana Yoldiri, baina Ana Yoldik ezezkoa eman zion, ordurako maitemindurik baitzegoen Andres Basterrarekin. Joxerra amorruz eta desolaturik, hondartza aldera egin zuen ihes. Han paseatzen ari zela, San Ferminetatik zetorren amerikar bat ezagutu zuen, Debra Woolf, alegia. Debrari, beharbada ordurako bizitza gehiegi edan zuelakoz, jonkia zen, egina zuen tesia Hemingwayren gainean, makina bat gizon ezagutua zen, grazia ikaragarria egin zion Joxerra Agirre muttikoaren inozentziak, eta gertatu behar zuena gertatu zen.

        Debrak hurrengo egunean hartu zuen abioia Pariserantz eta Paristik Montgomery-ra (Alabama). Urteak iragan ziren eta Debrak jakin zuen seropositiboa zela; gaixotasunarekin borrokan ari zela, askotan akordatzen zen hondartzako muttikoarekin, askotan galdetzen zion bere buruari, erruak erraiak jaten zizkiola, Joxerra Agirre kutsatu ote zuen.

        Hiltzear zela gutun bat idatzi zion Joxerrari eta anaia Thomas Woolfi agindu helaraz ziezaion.

        Joxerra Agirrerendako ere iragan ziren urteak, etxez aldatu zen, Anarekiko amodioa sendatu-edo egin zitzaion, poema liburu bat argitaratu zuen, Anak izan nahi zuen umearen aita biologikoa izan zedin eskatu zion, eta bat-batean ongiezik hasi zen: batean bronkitisa, bestean halako pikor gorri batzuk; argaltzen hasi zen. Hiesaren frogak egitera bidali zuten eta baiezkoa eman zion.

        Asko oldoztu zuen heriotzari buruz. Hil egin zen azkenean.

        Thomas Woolf ez zen garaiz iritsi Debrak emandako gutunarekin, urteak eman zituen Joxerra Agirreren bizilekua ezin aurkitu. Aurkitu zuenerako Joxerra Agirre hila zen.

        Hiesaren frogak egitera joan zeneko itxarongela haren pareko ezleku batera ailegatu zen Joxerra Agirre zena errenkarnazioa esperatzera. Han bolada bat egin ondoren deitu eginen dute errenkarnatzera norengan eta Ana Yoldi eta Lwazi Ndubileren alaba Unanarerengan.

 

 

( b )

 

        Anjelines Berasategi eta Mikel Urruti maitemindu egin ziren koadrilak Baionara egin zuen udako bidaia hartan. Zoriontsu bizi izan ziren bolada batez, harik eta ilbeltz bateko zortzian Mikel Urruti istripuz hil zen arte. Handik aurrera Anjelines depresioan erori zen eta ez zen etxetik ateratzen. Koadrilako adiskideak laguntzen saiatu baziren ere, Anjelinesek Nikasia Urrutirengan, Mikelen izeba, baino ez zuen kontsolamendurik aurkitzen. Nikasia Urrutik, hil aurretik, bere patua oparitu zion, esperatzea, alegia, baina Anjelinesek ez zion onartu nahi izan. Nikasia hil zen eta Anjelinesek makurrera egin zuen: objektuen munduan hasi zen bizitzen, objektuen munduan minik sufritu beharrik izanen ez zuelakoan. Azkenean, ohartu zen Nikasiaren patua onartzea zuela bizitzeko modurik erraz eta aldi berean beteena. Eta onartu egin zuen.

 

 

( c, j, k )

 

        Ana Yoldi eta Andres Basterra maitemindu egin ziren koadrilak Baionara egin zuen bidaia hartan. Taberna bat paratu zuten elkarrekin eta hasieran bazirudien dena ongi zihoakiela. Baina Andres Basterrari har batek jaten zizkion erraiak eta ez zion bizitzen uzten, ezta amodioaz gozatzen ere: haurra zelarik Ana Yoldiren osaba-izebak, haien artean anai-arrebak, ikusi zituen larrua jotzen. Andres Basterra haurrak ez zekien oso ongi zer ikusi zuen baina eszenak barne-barneraino inarrosi zuen voyeur egiteraino.

        Gorabehera eta istilu frankoren ondoren banandu egin ziren. Andres Basterrak pertsekutatzen zuen iraganetik ihes, Kubara alde egin zuen iraganik gabeko bizitza bizitzera.

        Ana Yoldik, aldiz, edadetan aurrera zihoala-eta, ume bat edukitzea erabaki zuen bikotea izan ala ez izan. Bikoterik ez zuenez, Joxerra Agirreri eskatu zion umearen aita biologikoa izan zedin. Joxerrak ezetz esan zion.

        Desesperatzen hasia zenean Lwazi Ndubile afrikarra agertu zen haren bizitzan, ezkondu eta ume bat izatea erabaki zuten. Ana haurdun gelditu eta berehala banandu egin zen Lwazi Ndubilerengandik, amodioak, berriz ere, pott eginda.

        Izanen duen alabari, Joxerra Agirreren errenkarnazioari, Unanare izena paratzea erabaki du.

 

 

( d, m )

 

        Josema Irutagoien Endika Lakartez maitemindu zen koadrilak Baionara egin zuen bidaia hartan. Zer edo zer izan zen haien artean, harik eta Endika Lakart kartzelara eraman zuten arte. Josema Irutagoien, orduan, EEBBetara joan zen bizitzera, gero Berlinera eta han ezagutu zuen emaztea, Alicia Garcia, Sevillakoa. Iru-ea inguruan jarri ziren bizitzen eta bi alaba izan zituzten. Josema Irutagoienen baitan izugarrizko borroka gertatu zen. Alde batetik, ezkondu heterosexual bizitzarekin jarraitu nahi zuen, bestaldetik senak denarekin hautsi eta gogoak eskatzen ziona egiten hasi behar zuela agintzen zion. Takonera parkera hasi zen joaten bera bezalako beste batzuekin elkartzera. Han ikusi zuen behin gerora bikotekide bilakatuko zitzaion Txema Kortes.

        Azkenean, banandu zen Alicia Garciarengandik. Ia berrogeiak iritsiak zitzaizkion bere homosexualitatea onartu zuenerako, eta horretan Txema Kortes topatu izanak asko lagundu zion.

 

 

( e )

 

        Nikasia Urruti, Mikel Urruti eta Anjelines Berasategiren izeba, Bigarren Mundu Gerra garaian Martin Mann delako aleman batez maitemindu zen. Martin Mann Hitlerrengandik ihes zetorren eta Euskal Herria aukeratu zuen ihes-toki, bukatu berritako gudak sortu anabasak babesa emanen ziolakoan. Irrati aparailuak konpontzen zituen, eta horretan zebilela topo egin zuen Nikasia Urrutirekin Nafarroa Mendialdeko herri txiki batean. Ezkontitza eta guzti eman zion Nikasia Urrutik Martin Manni. Baina, halako batean, guda bukatu eta Martin Mann Berlinera itzuli zen, gauzak konpontzen hasten zirenean Nikasiaren bila itzuliko zelako promesarekin.

        Martin Mann ez zen itzuli, ahaztu egin zitzaion Nikasia Urrutiri ezkontitza eman zionik ere; eta Nikasia esperoan gelditu zitzaion bizitza oso bat.

        Hirurogei urterekin hil zen Nikasia Urruti. Laurogei urterekin Martin Mann.

 

 

( f )

 

        Endika Lakart kartzelara eraman zuten. Urteak egin zituen kartelaz kartzela. Ilbeltz bateko zortzian, Mikel Urruti adiskidea istripuz hil zen egun berean, ihes egin zuen kartzelatik. Handik aurrera exilioan bizi da inork ez dakien toki batean. Joxerra Agirre adiskideak gutuna idatzi zion. Hala, Joxerra Agirrek ez du jasoko Endika Lakarten erantzuna, ordurako hilik izanen baita.

 

 

( h )

 

        Nemesio Lakartek arima galdu zuen semea kartzelara eraman zuten egunean. Gero, semea exiliatu zenean, zer edo zer poztu zitzaion bizimodua, baina ordurako tristurak bereak eta bi eginak zituen.

        Capone, Joxerra Agirreren txakurra zena, jaso du hura hiltzean.

 

( z )

 

        Capone erosi zuen Joxerra Agirrek. Izen asko erabili zituen buruan zer izen jarriko: Bacall, Bogart, Trotski, Lenin. Azkenean Capone jartzea erabaki zuen.

        Jabea hil zitzaionetik Capone Nemesio Lakarten etxean biziko da hil arte.

 

© Juanjo Olasagarre

 


www.susa-literatura.eus