Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

MARTIN MANN-EK

BERLINEN

        ( e )

 

Esanen duzue,

zer egiten zuen alemaniar batek

Euskal Herria deitu leku batean,

han 42. urte inguruan?

 

Horroretik desertatu.

Ez zen leku egokiena, badakit,

baina Hitlerrek lortu ez zuena

ez zuen Francok lortuko.

 

Irrati aparailuak konpontzen nituen,

herriz herri, etxez etxe.

Gaztea nintzen eta

larrua salbatu izanak

bizitzara amildu ninduen.

Ez dago arriskua bezalakorik

pasioaren ziztada xaxatzeko.

 

Ederra zen

eta nik loreak eramaten nizkion

promesa gazteekin batera. Atertzean

uhalde ertzetik ibiltzen ginen

ihesi zihoazen hodeiei begira.

Gerra amaitu egin zen

eta ni Berlinera itzuli,

orduan bete uste nituen promesekin.

Posgerra latza izan zen,

oso latza.

 

Berlinek oinezkoen hilerria zirudien,

karriketan zebilen jendea,

deslai, ogi bila

eta errua jaten.

 

Agian, oraindik, bizirik dagoke;

eta nork daki,

gauaren mozorropean

senarraren ondoan etzanik,

ni nauka gogoan

oinazturak, une ilaun batez,

iraganeko gela itxi bat argitzean.

 

© Juanjo Olasagarre

 


www.susa-literatura.eus