Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

JOXERRA AGIRREK

HIL ONDOREN

        ( a )

 

Zer putada!

Baina, beno, egin dugu handiena.

Beste aldean nago, jada.

Kostatu da, ez pentsa!

Gauza zaila da hiltzea,

zaila, egin arte, batez ere,

aldaketa

berebizikoa da eta.

Hala ere, esan beharra dizuet,

kimika organikoaren mekanika aurresan errazari utzi,

eta, ezinbestean, ezerezko zera zeratze honi lotzean,

aisatu egiten da bat:

ez dago erregairik

ez eta, beraz, zaborrik;

ondorioz, jeneral eta sukaldariek

jai daukate hemen,

zaborrik ezean ez baitago ez gerra, ez janaririk.

Bizitza oso prozesu bitxia duzue

baina izugarri zikintzen du, badakizue.

Gainera konbustiorik ezean

bat ez da ahitzen

eta, klaro, hori bentaja handia da.

Denbora ahuntzaren gauerdiko eztula izanik,

kausa-ondorio arau gabeziak

ezinegona sortzen dit,

aitortu beharra dizuet,

oroimena hutsean gelditzen delako

batez ere, baina,

bestalde, oroimenik gabe ere

halako arintasun bat sumatzen duzu

eta, klaro, hori ere bentaja handia da.

Antolaketari dagokionez,

badirudi fededunek kale egin dutela:

hemen Jainkoaz-eta

rian de rian.

(Parrandan omen dabil

kargugabetu zutenetik.)

Fedegabeena, aldiz, ez dago argi,

zenbait zurrumurruren arabera

ezerezaren zera hau zeratzen jarraituko omen dugu,

beste batzuen arabera, ordea,

hemen aldi bat egon

eta errenkarnatu eginen omen gara.

Honaino etorri eta duda-muda ibili beharra ere,

ez da makala!

Gehiago ezin dizuet esan

etxeko arauak omen dira, enfin...

Helmuga antzeko honi buruzko interesa pizteko

gorde behar omen da mixterioa.

Oi kuanto toki turistikoa!

Ez da luze hemen nabilela

baina lepoa eginen nuke:

zuzendaritza taldea burutik arraso jota dago.

Barkatu... deika ari zaizkit,

azkeneko gauza bat,

horrela gure artean geldi bedi,

euskaldunok, ohi bezala, elkarrekin gaude

zera zeratuz ari garelakoan zera zeratzen, badakizue...

 

Enfin, ez legokeela gaizki

beste alde hau

atzean utzitakoarengatik ez balitz.

 

Baina, barkatu, joan beharra daukat,

deika ari zaizkit.

 

© Juanjo Olasagarre

 


www.susa-literatura.eus