Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

CAPONEK

BERE KULTURARI BURUZKO GOGOETA EGITEN

HERIOTZA AURREAN

        ( z )

 

Nik, Capone laugarrena, txakur,

arrazaz artzakur, izatez izaki lurtar,

gure endaren gainbehera kontatuko dizuet.

 

Alexandroren txakurtxo Pintto Plato gorena,

gure kulturaren fundatzaile, bergamsko greziar hura;

hark sortu zituen gure zakur gogoak,

hezurraren kondaira eta zakurzuloarena;

hark ikusarazi zigun zakur ginela;

hark eman zigun hilezin arima.

 

Bere burua Jainkotako zuen Zakhurova lazgarria,

gure arimaren kartzelari, bekatuaren kreatzailea;

hark legeztatu zuen gure baitako beldurra,

pozaz bekatu egin, desioaz presondegi;

hark egin gintuen zakur izateaz errudun;

hark bihurtu gintuen xakur doilor eta

infernura kondenatu, hezurrik gabe, jolasik gabe.

 

Erromako inperioko buruzagi Banbulus Zesar garailea,

terrier haginkaria Hitler, wotcharke errusiar Stalin,

haien ondorengo gudari, zakurkeria egile guztiak;

haiek erakutsi ziguten gure baitako hiltzailea,

txakur izateko txakurra behar dela hil,

hobe dela inperioko ezen ez herri txikiko;

haiek erakutsi zizkiguten sarraskiaren teknikak.

 

Txakurrismoaren sortzaile Erasmo spaniel Rotterdamgoa

zientziaren sortzaile behinenak: Newton mastin ingelesa,

Italiako braco Galilei, Koko perniko poloniarra;

haien jarraitzaile Einstein terrier judua eta abar-abarrak;

egin zituzten bonbak, ezpatak, kanoiak, txakur-zizpak

baina baita ere txakur-osategiak, parkeak, hezur sintetikoak.

 

Zakurtasunaren esale lehenbiziko Renemaria Zaunkartes

«zaunk dagit, beraz, banaiz» esan eta han eman zion hasiera

zakur amets bihurtzeko bideari. Hura eta hainbeste

eta hainbeste Alemaniako kanitxe, galgo idealista,

hizkuntza foxterrier, rottweiler epistemologo, existentzialista;

hura eta zakurtasuna batzen saiatu zen Kant can bestea.

 

Zuek egin zenuten zakurrez ezinezko irrika.

Zuek egin zenuten mundu honetaz

zakur mundua ez, baizik eta mundu zakurra.

Horren handi, horren burgoi, horren arrandios,

horren zakur izan ez bazinete sikiera...

Beharbada...

 

© Juanjo Olasagarre

 


www.susa-literatura.eus