Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

TXEMA KORTESEK

EZAGUTZEN EZ DUEN

JOSEMA IRUTAGOIEN

PARKEAN IKUSITAKOAN

        ( m, c )

 

Iluna da bizitza sekretuaren kondenapean.

Emazte bat, ederra, zaindu eta laketzeko.

Ume batzuk, bizilegea, hazi eta hezteko,

etxe oparoa hiritik gertu baso ertzean.

 

Aise hauts daiteke kurba normalaren bakea.

Desio haragitu zaio garunean igurtzika,

karminez pintatu ditu ezpainak, haginka

dator gaua bazterrez bazter; eta parkea.

 

Dio, norbera ez da eman urratsen erantzulea.

Bi ezezagunek tupust egin dute gorpuzpean.

Gero isiltasuna eroriko da nola goragalea.

 

Eta zentsorea, errua eta gorrotoa. Argi urratzean

bere baitaratzea. Imintzio arretatsuz

ezpainetako amnesia arrastoak ezin moldatuz.

 

© Juanjo Olasagarre

 


www.susa-literatura.eus