Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

TXEMA KORTESEK

IGANDEAN

IKUSITAKOARI BURUZ

        ( m )

 

Gorroto ditut, gorroto diren piloa.

Gorroto igande arratsaldeetan karrika

zabaletan barna paseatzen direnean.

Gorroto soinean daramaten jantzia

bezain ongi heldu zaielako naturaltasuna:

gizonak, beren usteko, zerbaiten errege, esporrez;

emakumeak, beren buruaren printzesa merke, Zaraz.

 

Hara zein pozik diruditen bizitzarekin!

Beste arratsalde batez, bederen, ohartzea atzendurik

taldexkatan biltzen dira, ausaz lez, akazien babesera,

eguraldiaz mintzo, jaiotzez, joandakoez.

Bizitza narrasa baino jasoagoko zerbaiten erdigune

direlako segurtasunez, zerbait miragarriren, akaso:

Jainkoaren erabaki guztiz ahaldun baten partaide

edo hasteke den abentura odoltsu baten protagonista,

arrazoigintzaren jirabiretan berezko ardatz, beti.

Begiak laztan seme-alaba jostariei hots egin

eta beren baitako aratzenaren haragitzea direlako ustez,

elkarri aurkezten dizkiote, porrotaren zantzua

hezi eta zentzatu duteneko froga ukaezina,

neskatoaren nini inozenteetako ilunpe arrastoei itsu,

mutikoaren keinu nabarmenegietan

salatutako oinaze itoari entzungor.

 

Eguzkia estali eta, une batez, haizea altxatzean,

jaka lisatzekoa egin dute emakumeek, buru soildua gizonek,

izuaren kontrako sorginkeriak; harridura bisaietan

zoriontsu izateko asmo irmoagoa aitortu diote elkarri,

zoriontsu izateko asmo, itxuraz, irmoagoa...

Eta barreiatu eginen dira lelo gabeko manifestazioa bezala,

astelehenaren antsiaz, haien egiak lako etxeetarantz.

Eta honezkero nire burua behartu beharra dut

gorroto nituela gogoratzera, tupentaka ikasi baitut

-haiek ez bezala-

zoriontasuna burges doilor heterosexualek

ezarritako diktadura demokratikoa dela.

Eta hala ere gorrotoa urtu eta tristurak hartu nau,

ni ere diktadura horretako lege ezinezkora errenditurik.

 

© Juanjo Olasagarre

 


www.susa-literatura.eus