Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

ANA YOLDIK

NDUBILE SENARRARI

PARRANDAREN ONDOREN

ETXERA AILEGATUTAKOAN

        ( c, k )

 

Hau ezkontza da esan didazu

gau luze honetan zehar,

eta hona zu komunean

eserita, ni lababo aurrean

zutik, hortzak garbitzen biok

ala biok. Uraren txor-txorra.

Kulturak, hizkuntzak, exilioak,

odolaren mintzo desertuak ditugu tartean.

 

So eginen bazenit sikiera!

 

Ailitz keinu bat nondik hasi!

Abegikortasun aztarna bat,

baina ez... arrotz gatzaizkio elkarri,

bizitako bera konpartitzera

kondenaturiko bidaiari bi

egunerokoaren erdian. Goizeko seiak

dio denborak. Orratzak eta alkohola

zainetan lauhazka dio bizitzak,

ohiturak edo, nahi baduzu, balizko

gure elkar hark. Elkar!

 

Ailedi atzera denbora!

 

Argitzen ari du baina ez guretako.

Eta arrotz bi bezala oheratuko gara,

bakoitza bere izkinan, ukitzeak

gure ezkutuak urra ditzan beldur,

bakoitza berean, binaka ezinean,

panpina zikin hautsi baten moduan

gure arteko hau. Neke ordua da,

etsita eginen dugu lo, nahigabez,

bigarren eskuko gorroto merkea

burukotako, bi izatearen doilorkeriak

bikoiztuz, morrontzak, exkaxkeriak.

 

Argitu ote du zauden tokian?

 

Egin didazu so azkenean

mespretxuz baina, ezagutzen dena

bakarrik mespretxa daiteke horrela,

arretaz, artez, itsu.

Urrutitik dagi zaunka bihotzak.

Eta hementxe gautza

bakoitza zenbait alde, ohantze

banandutan aldameneko:

so close, so far, haatik.

 

Egin dezagula lo, bederen!

 

Amodioak, goiztiriko abrigo,

gure arteko honen edade honetan,

biharko beharko du, biharko.

Oraintxeko hau ezkontza da, ezkontza:

egunero berretsi beharreko dibortzioa.

 

© Juanjo Olasagarre

 


www.susa-literatura.eus