Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

JOXERRA AGIRREK

ANA YOLDIRI

BERAREKIN SEME BAT

IZATEKO ESKAERARI

EMANDAKO EZETZA

        ( a, c eta ez a+c )

 

Ez naiz zure balizko seme edo alaba horren aita izanen,

nire baitako haur mainontziak negar zotinka jarraituko du

kasketak harrapatuz, beti bezala, barazki-purea

ez duelakoz maite edo zeruaren begi iluna ez duelakoz konprenitzen

edo mundua arrotza zaiolakoz.

Xenda, xenda miriku

Oilo kaka xiriku...

 

Itobeharrean ernegatuko da dolorearen orratzek

azalaren mintzak urratzerakoan. Neroni erregai bakar.

Pipitakiak beharko ditu, kimika organikoz jantzirik,

izuen gordelekuetan barrena aurkitu mamuak uxatzeko;

zizt-zazt zaurituko zaizkio oinak hitz kontsolagarrien bila,

min tiranoari segika desolazio paisaia horren aurrean.

Xenda, xenda miriku

Oilo kaka xiriku...

 

Alegrantzia ergel bezain krudelez poztuko da

apapa doalakoz bazterreko gorpu mutuei itsu,

bizi puska zimelduei ezaxola. Teman hartuko ditu jostailuak,

bereak bailiren denak, besteak oraindik aurkitu ez izanaren inozentziaz.

Haur jarraitzea erabakiko du horrela izkinetan galdutakoa,

egunek ostutakoa itzuliko diotelakoan.

Xenda, xenda miriku

Oilo kaka xiriku...

 

Losintxetan urtuko da debaldeko fereken irrikan,

munduak berak bainoago behar duela ez jakinarenak eginez.

Pareta-txorien joan-etorri arinez eginen du hegan,

Ongia eta Gaizkia bereizteko batere premiarik gabean,

begi gardenak zergatik dituen malkotan konprenitu ezin.

Xenda, xenda miriku

Oilo kaka xiriku...

 

Munduaren ardatz izanen da maite-maiteen babespean,

Bizitzaren zentzua bizitzaren zantzuetan datzala lege bakartzat,

umezurtz iraunen dut maisulanei uko eginik.

Bai, haurkeriatan jarraituko dut

Patuaren jokaldiak jolas ankertzat harturik.

Xenda, xenda miriku

Oilo kaka xiriku...

 

Ez naiz zure balizko seme edo alaba horren aita izanen.

Ez ditut nire akatsak beste baten bizian konpondu nahi.

Hurrengo errenkarnazioari egonen natzaio zain, ia orduan...

Fundamentuan sarraraziko-edo ninduten haur baten poz algarek

Ez dituzte nire baitako haur mainontziaren negar zotinak isilaraziko.

Xenda, xenda miriku

Oilo salda xiriku

Amen

Zu hor eta ni hemen.

 

© Juanjo Olasagarre

 


www.susa-literatura.eus