Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

LUKAS OIHENARTEK

BERE GAZTARO ETA

HELDUTASUNARI BURUZ

        ( i )

 

Gaurko nerabeak

(haien burua baino

ez omen dute buruan)

ikusten ditut petriletan,

egonean eguzki izpien antzera

itsasertzeko malkor zaharrak epeltzen

edo taberna zulotan barna

kantetan ikasi berritako sedukzioan

saia eta saia

mundua, artean, ez balegokie legez,

soraio.

 

Biziaren berezko erritmoa dirudite

ahaire delizios horretan.

 

Eta gogora datorkit

nola joanen zaizkien ametsak desafinatzen,

nola zikinduko zaizkien egunak

gibelean biolinen kirrin-karrana lagaz.

Astundurik eroriko zaizkie bizi puskak,

akorde potoloak, hegan ezinik.

Urteak zirtzildu eginen zaizkie,

sobera erabili partitura antzina aratzak.

 

Guri gertatu legez,

nahiz eta guk idealak-edo genituelakoz

(oraingoek ez omen dute)

bestela uste izan.

 

Altuak eta baxuak bat etorri!

Zergatik ez zitzaizkigun bat

etortzen zoriontasuna hori bazen?

 

Krudelegia ere bazela bizitza

ahaire delizios hartan.

 

© Juanjo Olasagarre

 


www.susa-literatura.eus