Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

ENDIKA LAKARTEK

JOXERRA AGIRRERI

BIDALITAKO GUTUNA

        ( a, f )

 

Eeeeepa Joxerra adiskide on: iraultzak!

Luzamendutan aritu natzaik... barkazak.

Zer moduz hago? bizitzak ongi al harabil?

Aurkitu al duk patuaren definiziorik?

Nik nire aldetik histuki ibiliak ditiat

exilioaren labirinto eta izen guztiak,

gero eta gehiago aktore arrotzaren gisa

aritzen nauk nire zatia esan ezinka.

Hartu izan uste genian bizitza mailegutan

Eta kartzelarekin pagatu ordainetan

bizitza, uste genian, ez duk bizitza, kartzelan,

bizitza-edo duk, atzeratua, parentesi artean;

benetan bizitza, bizitza esaten dena,

igandeko arropez, arrai, gero etorriko zela.

Oi berandu, berandu ohartu gintuan hura,

genian bakarrik hura, huraxe zuan

bizitza, huts-hutsean, benetan bizitza bera,

nahiz presondegiz jantzita, latz, hozbera.

 

Gero atera egiten haiz, dena duk benetako,

askatasuna, berritan duk mozkorra lako,

egunak bihurtzen zaizkik ardo zuri ibai,

gauak konkistatzeko erresuma batu alai.

Hau duk bizitza benetan, uste duk, azkenean,

baina berritasuna baino ez parentesi artean.

Egunak galduz zoazak erromeria kutsua

eta poza kolpatu egiten duk nola fruitua.

Horra dantza astun eta dorpe bezala ohitura,

horra herriminak dekretatu bihotzaren bahitura.

 

Bizitza ezarri zidatean gero exilioa legez,

dudan bakarrik bakarra, eskuarteko hauxe.

Bizitza puskak harilkatzetik duen ariketa duk,

horregatik dena nahi nikek utzi, erretiroa hartu,

doazela egunak nola elkarrizketa abarotsu

proiekturik gabe, asmorik gabe, amultsu.

 

Buelta asko ematen zizkioat gure ideia haiei,

gure iraultza, justizia soziala, gure nahiei;

uste diat etorkizun peskizan genbiltzala,

baina, hara, jakin ez nola, agertu iragana!

Agur Joxerra, adiskide on, iraultzak!

Eta monologo egozentriko hau barkazak.

 

© Juanjo Olasagarre

 


www.susa-literatura.eus