Aurkibidea
NATIONAL PORTRAIT GALLERY
Espezializatu egin behar zenuke
Gaztainondo bati sekula idatziko ez liokeen poeta
(Obra hau maileguan utzia izan da)
OTOITZEN LIBURUA
Isilka eta Stendhali kasu eginez
Jules Winnfieldek Vincent Vegari, Laboaren txoriaz mintzo —chatGPT, 2025—
ZERRENDEN LIBURUA
Hemen doa atxikipenen zerrenda
Nazio Batuak (Berdintasunaren laudorio)
My favorite things (Rodgers & Hammerstein)
Nire gauza kuttunak (Rodgers & Hammerstein)
Itzulpenaren definizio baten bila
Zineman funtzionatzen duten gauzak
Chicago: City on the Make (Nelson Algren)
Aurkibidea
NATIONAL PORTRAIT GALLERY
Espezializatu egin behar zenuke
Gaztainondo bati sekula idatziko ez liokeen poeta
(Obra hau maileguan utzia izan da)
OTOITZEN LIBURUA
Isilka eta Stendhali kasu eginez
Jules Winnfieldek Vincent Vegari, Laboaren txoriaz mintzo —chatGPT, 2025—
ZERRENDEN LIBURUA
Hemen doa atxikipenen zerrenda
Nazio Batuak (Berdintasunaren laudorio)
My favorite things (Rodgers & Hammerstein)
Nire gauza kuttunak (Rodgers & Hammerstein)
Itzulpenaren definizio baten bila
Zineman funtzionatzen duten gauzak
Chicago: City on the Make (Nelson Algren)
TELEFONOZ DEITZEN DIODAN JENDEA
—POEMA VINTAGE BAT—
Badago garai batean asko maitatu eta orain
urtebetetze egunean soilik deitzen diozun jendea.
Lan kontuak haizatu eta mesede eske
deitzen diozuna. Fakultateko inozoren bat,
zure frakasoaren tenperatura berritzeko
hots egiten dizuna: “Ni ez, baina bera… inoiz ez”.
Badago emazteak utzi zaituenean soilik
deitzen diozun jendea
(senarrak utzi duenean soilik
deitzen dizuna, bestalde).
Badago gertuago balego
hainbeste deituko ez zeniokeenik.
Badago kontu hartzeko deitzen diozun jendea,
kargu hartzeko hots egiten dizuna.
Badago lau urtean behin deitu arren,
masailez masail
eta arimaz arima izpiritua epeldu
eta zurekin dagoela
sentiarazten dizun jendea.
Badaude basamortuko ispilukeria deiak,
komertzial zapuztuak,
“Le interesaría si…, le ha tocado un…”.
Badago jendea, “deituko diat nik berehala”,
beti norbait garrantzitsuagoa duena beste adarrean
—eta gero ez du deitzen—.
Badago jendea,
hari whisky bat ez ordaintzeagatik deitu,
eta azkenean deia
tragoa baino garestiago ordainarazten dizuna.
Badago deitu ezin diozun jendea,
haserre dagoelako zurekin,
edo kartzelan, edo zutaz ahaztuta,
edo hilik; faena bat.
Badago zurekin hitz egiten duen bitartean
sudurzuloa haztatzen duela
gehiegi nabaritzen zaionik.
Badago jendea sekula telefonorik hartu ez
baina beti hor dagoena txirrin-hotsak zenbatzen
gela ilunean —edo, xanpain kopa eskuan,
mahats ale bana irensten hots bakoitzeko—.
Badago jendea ez dizuna deitzen,
badakielako beste norbaitek hartuko duela agian;
badago jendea geratzeko deitzen dizuna
eta badago bere geratzeko modua
telefonoz mintzatzea bera dena.
Badago hilaren hamahiruan deitzen dizuna beti,
malenkonia esoteriko apur batez, beharbada.
Dakizuna berresteko deitzen diozuna.
Kontra egin diezazun deitzen diozuna.
Edo markatzen hasi eta
bere telefonoaren azken zenbakia
jada inoiz gogoan ez duzuna.
Eta gero dago, zu bezala,
oso bakanetan deitzen diodan jendea:
adibidez, su-eten bat eman, edo apurtu,
edota elurra ari duenean kanpoan,
esateko: “Eta orain zer?”,
edo, “Elurra ari din hor ere?”,
eta zuk: “Bai, ari dik”.