Ulu egiteko bolondres bila
Ulu egiteko bolondres bila
2023, poesia
120 orrialde
978-84-19570-15-4
Azala: Nagore Amenabarro
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2022, poesia
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
 

 

BOOKFACE

 

 

Idazleen kasuan ere, ezin uka,

axola du itxurak.

Ez da doakoa, kasu, Rimbaudek,

lepoko begizta okertuarekin itxurakeria eta

jende zintzoaren gustua mespretxatuz

eternitatea ukitu zuenean,

ez Facebook ez Instagramik

ez existitu izana.

Marguerite Duras norbaitek goizegi

baztertzeko asmoz zimurtutako

nerabearen erretratua izatea,

sugarretatik in extremis salbatua.

Ez gutxietsi, Nobel saria jaso berri,

Harold Pinterrek

kazetariei bekainean

tirita bat zuela egin izana ongi etorria.

Beckett, bekozko-masailak

intxaur porrokatu gabearen pare.

Sontag eta ile glazialaren irakaspena.

Houellebecqen utzikeria narrasa,

eszeptikoa edo sinesgabea,

nobelagintzaren ahalmen plakoari dion

fede xaloak soilik traizionatua.

Paul Auster: Amerikan zahartu

ahal izan duen Kafka ederrago bat.

Salingerri lapurtu zioten

argazki bakarreko keinu sumindua.

Saramagoren dortoka sapiens jakinduria naturala.

Lilya Brik ulukaria, altaboz eternala;

Virginia Woolfen betazaletako pisua;

Maiakovskiren kasko larru-arras moztua,

literaturaren historian lekutxo bat

aldarrikatu duten hainbeste burezurren

oroitarazle; agur eta ohore.

Eta, nola ez, Highsmith, Patricia;

katuak bezain zital,

beti haien konpainian, norbait despistatzeko zain.

Walt Whitmanen bizarra, erlauntza joria.

Lorcaren irribarrea, lihozko jakarekin erosia.

Cortazar, begi biko Tartalo handia.

Anne Sexton, edertasun orbangabeko maldizio sorta.

Cheever, eskumuturreko erlojuen

iragarle aldizkarietan.

Eta zer esan Bukowskiri buruz, adiskideok,

haren arlote bizarraz, marka zuriko

gominaz, ile lakatuaz?

 

Idazleen kasuan ere, ezin uka,

axola baitu itxurak:

gutxik irakurriko dituzte zure poemak,

askok miatuko bisajea, ordea:

“Nik ulertzen nuen bera, zierto,

aurpegian du poemarik onena”.