Ulu egiteko bolondres bila
Ulu egiteko bolondres bila
2023, poesia
120 orrialde
978-84-19570-15-4
Azala: Nagore Amenabarro
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2022, poesia
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
 

 

POESIA JAIALDIA

 

 

Teatro batean da irakurketa, leku goxoa omen.

 

“Gertu dago antzokia lo-lekutik?”.

 

Nagia izan, beti jakin nahi du poetak

asko ibili beharko ote duen.

 

Ezetz antolatzaileak, “seko mozkortuta ere

hotelera katuka itzultzeko bezain gertu”.

 

Eskertzen da eskertzen denez.

 

Baina beti dago adur txarreko norbait:

“Behin galdu zen, egiaz, poeta bat...”, dio.

“Behin bakarrik”, aztore begiz antolatzaileak.

“Istorio tristea”, jarraitu du besteak.

“Ez zen kalea zeharkatzeko ere gai,

taxi bat eskatu genion”.

“Morroi noblea, halere, poeta errusiarra”.

Besteak etsi ez:

“Handik bi urtera egin zuen bere buruaz beste”.

 

Horrela ezagutzen dira batzuetan

poeta errusiar izengabeak, etenka.

 

“Gehiegi edaten zuen, hogeita zortzi urte zeuzkan.

Pozik zirudien Rotterdamen, Lego bat

erosi nahi zion semeari”.

 

“Ez da beti erraza piezak enkajatzea”, nire artean.

 

Gutxi edaten dut azkenaldian,

eta ez daukat seme-alabarik.

 

Ez naiz, horratik, lasaiago sentitu.

 

Errusiar hura, hasitako liburu guztiak amaitu eta

Lego-ak osatzeko argibideak buru-belarri

jarraitzen zituenetakoa ote zen?

Ala trauskil utzia,

jakaren botoiak okerreko begian lotu

eta opariak aireportuetan

ahazten dituen horietakoa?

 

Hasi da poesia jaialdia,

zabaldu da Pandoraren kutxa.

 

Idortuta dauzkat ezpainak.

 

Demonio urdea: nik antzokia gertu zegoen

besterik ez nuen jakin nahi.