Ulu egiteko bolondres bila
Ulu egiteko bolondres bila
2023, poesia
120 orrialde
978-84-19570-15-4
Azala: Nagore Amenabarro
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2022, poesia
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
 

 

JULES WINNFIELDEK VINCENT VEGARI,
LABOAREN TXORIAZ MINTZO
—chatGPT, 2025—

 

 

Laboa, Artze, zuek maiteen, zuek gure mihi eta eztarri, zuek gure kontzientzia, izpiritu, ereserki, eta hala ere, zer zenuten buruan, arren, batak idatzi eta besteak kantatu, baldintzazko esaldia dela, potentziala, subjuntiboa, bai zera, metafora bat, biblikoa igual, jakina, barnebiltzailea, laburbilduz, zentzu figuratua, ideien mundua, deus ez gore-a, guztiz gurea, esaten ditiagu handiagoak ez, lepoa moztu, jata akau,  potroetatik zintzilikatu, zenbat astakeria zabar, errutik libre denak jaurti dezala lehen harria e, baina ez txori bati, alegia, “banizkio”, ez zenutela egin, ez zeundetela egiteko prest, txoria maite zenutela, baina burutik pasa zitzaizuen —ez, ala?— aukera hipotetiko hori, libre izaten utzi egingo zeniotela azkenean, aske izaten laga, zepotik askatu, eskerrak eman behar al dizkizuegu balizko prerrogatiba hori gauzatu ez zenutelako, eskuzabaltasunez edo, ideien mundutik, kantuaren gozotik, edonork ulertzeko moduan, noski, baina orduan zer, “hegoak ebaki” idatzi duk, txo, “hegoak ebaki” abestu duk, “banizkio”, metafora bat, dena duk metafora mundu honetan ezta, ze txori ote zen gainera, zozoa, birigarroa, usapala, alostorrea zurubi luzean, kua kua kua kua leihoetan, jakingo duzue ba umeak izutzen dituzuela kantu horrekin, eta maite izan ez bazenute, putrea balitz, saia, saia putrea maitatzen, gure patua hitz jokoak, gure patua endogamia, orduan zer, orduan bai, “zenizkioke” baldintzarik gabe, ezin mintzatu horretaz zuekin, baina kantu bat mintza daiteke, mintzatzen ahal da eta mintzo da —kantua ez gara ba?—, edozertaz mintzatu, ezertaz ez orduan, handitasuna, komunitatearen aterki eternala, hutsa, oro eta ezer ez, kontu serioa, mutilazioaz ari gaituk, gauzatu ez den mutilazioa nahi bada, ez da dolurik, ez da errurik urrerik ez bada, gonbita kontrakoa da, eta hala ere ez diozue “lotu”, diozue “ebaki”, metafora bat, kontundentzia behar du kantuak, esan-indar handikoa da “ebaki”, hitzak ebakitzen dira eta harremanak eta egunak moztu, maite dugunari joaten utzi behar zaiola, ala? Hori al zen? Hori da? Ni konbentzitu beharrik ez daukazue, zuek zaituztet maiteen, zuek aske, utzi ditiat eta utzi naitek (bai, ala?), seguru ere ez nagok, ideiak direla hegoak moztu ezin zaizkionak, txo, ados, iristen nauk horraino, ulertu nahi diat, eta hik? Eta nik, eta nik, hala ere, eta zuek, zer zenuten buruan, ze, badakizue hemen nola esaten diogun hegoak ebakitako kontu horri, ezta?