Ulu egiteko bolondres bila
Ulu egiteko bolondres bila
2023, poesia
120 orrialde
978-84-19570-15-4
Azala: Nagore Amenabarro
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2022, poesia
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
 

 

JENDARTEKO

 

 

Jende honek guztiak,

non aurkitzen du intentsitatea?

 

Begien atzean bizi den

eta negargura izan gabe haren antzekoa den

bulkada horretaz ari naiz.

 

Non aurkitzen du?

 

Zaldi karreretan, futbol partidetan,

ezkontzak eta bataioak lotzen dituen

antzara-jokoaren dado ukaldian,

gaixotasun arin edo larrien sendabide

posible ala ezinezkoen kroniketan?

Fentaniloan? Tinderren?

Bihotzeko aldizkarietako goi-arnasako literaturak

apaltzen die barruko munstro samurra, irrika?

Ikusle izatearekin konformatzen direnez gero,

noiz harrikatu eta non lurperatu zuten talibanki

euren clown tragiko bokazio benetakoa?

Gehiegi sufritu ez eta albo-kalte sotilak izatea

zoriontzat sinatu zuten aukera-aukerako eguna,

izan ote nuen nik ere? Non sinatu behar zen?

Zerk oztopatu zidan gauzen eta egunen

mekanika onuragarria?

Noiz pasa zitzaidan oharkabean ate aurretik

letra ttipirik gabeko tratu hura, apiril sorta,

negu hurbilik eza ziurtatzen zuen

deabru-biajantea?

 

Harrokeria ez den zer bestek

eragozten dit jende izatea?