Aurkibidea
NATIONAL PORTRAIT GALLERY
Espezializatu egin behar zenuke
Gaztainondo bati sekula idatziko ez liokeen poeta
(Obra hau maileguan utzia izan da)
OTOITZEN LIBURUA
Isilka eta Stendhali kasu eginez
Jules Winnfieldek Vincent Vegari, Laboaren txoriaz mintzo —chatGPT, 2025—
ZERRENDEN LIBURUA
Hemen doa atxikipenen zerrenda
Nazio Batuak (Berdintasunaren laudorio)
My favorite things (Rodgers & Hammerstein)
Nire gauza kuttunak (Rodgers & Hammerstein)
Itzulpenaren definizio baten bila
Zineman funtzionatzen duten gauzak
Chicago: City on the Make (Nelson Algren)
Telefonoz deitzen diodan jendea —poema vintage bat—
Aurkibidea
NATIONAL PORTRAIT GALLERY
Espezializatu egin behar zenuke
Gaztainondo bati sekula idatziko ez liokeen poeta
(Obra hau maileguan utzia izan da)
OTOITZEN LIBURUA
Isilka eta Stendhali kasu eginez
Jules Winnfieldek Vincent Vegari, Laboaren txoriaz mintzo —chatGPT, 2025—
ZERRENDEN LIBURUA
Hemen doa atxikipenen zerrenda
Nazio Batuak (Berdintasunaren laudorio)
My favorite things (Rodgers & Hammerstein)
Nire gauza kuttunak (Rodgers & Hammerstein)
Itzulpenaren definizio baten bila
Zineman funtzionatzen duten gauzak
Chicago: City on the Make (Nelson Algren)
Telefonoz deitzen diodan jendea —poema vintage bat—
BANAKETA
Elkartu ginen egunean bertan hasi zen, agian:
hormetako estanpatua edo kolore laua
aukeratzean tentuz.
Sukaldea kolore pastel, lau, txepelaz,
trukean kako japoniar zatarra apaintzeko
zure amak oparitu zizun zapelarekin.
Nik, ordez, egongela, lore estanpatuz,
zuk zure artean: “Heuk irabazi duk, beraz”.
Hasieratik banatuak genituen metro util sotilak.
Loa ere aspaldian txandaka,
zentinelek gazteluan nola.
Armairuak, tiraderak, apalak, baldosak,
geometria isoszelez, konpas deskonpasatuez,
nork bere territorioak, nork bere kuxinak,
sofan ere nork bere oxigeno dezimetro koadroak,
nork lagunari jelosia eragiteko
proportzio eskubidezkoa,
nork bere maitaleak,
nork bere orduak seme-alabarik gabe,
nork bere familia artatu beharra:
lehengusuak, izeko-osabak;
nork bere adiskide zaharren erretolika irrigarriak,
nork bere mugak lagunaren lagunei
grazia ergelak txalotzen,
nork bestearen lagun minekin flirt egin
eta bikotekidea umiliatzeko okasioren bat.
Baina gero diskoak, gero liburuak, gero gutunak,
zenbait auzo zapaltzeko debeku adierazi gabea,
helbide-agenda, egunkariko gehigarriak
banatu beharra;
“Babelia, Zazpika, Mantangorri, zein nahi dun?”.
Lagunak ere leon-kastillo, zotz ala motz,
Orrialde Horien listina bitan apurtzearen pare,
ezinezkoa, lan titanikoa, azazkalen galbide.
Nekeza banaketa, bikoitiak ez direnean gauzak:
“Edurne hautatzen baduk, bye-bye
70etako soul diskoen bildumari, bai?”.
Ez da samurra bereiztea.
Inork bere etxe berrirako nahi ez dituen,
eta tximiniarik bazenute suari emango zenizkioketen
gauza guztiez ez hitz egitearren:
nik zuri eta zuk niri idatzitako guztiak
ezkontzako argazkiak (euria ari zuen)
alabaren argazkiak zurekin
(zuk ez dakizu dauzkadanik)
semearen fotoak nirekin
(nik ez dakit dauzkazunik)
zuk semeari oparituak
nik alabari oparituak
nik oparituak
zuk oparituak
nork nori
garbi ez dauden opariak.
Duda kasuan, dena erretzea onena:
arropetan Koch-en baziloren bat
gera daiteke; osatuta egon arren,
gaixoa aski gaztea bada
—jasango du, aterako da—
kimioarekin segi beste hiru astez
badaezpada… Badaezpada?
Ezta, bada.
Telebista, hozkailua, aulki tolesgarriak (hiru),
ordutegiak ere banatu,
“Biba Churchill!
II. Mundu Gerrako partiketan ere, halako lanik!”.
Eta ez hori bakarrik, hau ez da sekula bukatzen:
moztu, eten eta banatzea, finitzea da ebaztea
elkarri itzuri egingo diogun metro geltokiak,
gustuko jatetxeak, dermatologoaren telefonoa,
kanixea, Tom eta Jerry arrain laranjak,
Jean Vigoren edizio kritikoa, bikiak,
Trueba eta Principe,
Victoria Eugenia eta Antzoki Zaharra,
taxi geltokiak, hiriko hiru hondartzak,
banana split-a egiteko errezeta liburua,
taroteko kartzelaren eta eguzkiaren kartak,
etorbideak karrikatxoak parkeak zumardiak,
hurrengo hogeita hamar urteetan
zapalduko ditugun tabernazuloak.
Errazagoa da, hagitzez,
norbere burua bitan banatzea,
psikofarmakoz edo aizkoraz,
triangularki ia beti,
geometria izotz denez.