Aurkibidea
NATIONAL PORTRAIT GALLERY
Espezializatu egin behar zenuke
Gaztainondo bati sekula idatziko ez liokeen poeta
(Obra hau maileguan utzia izan da)
OTOITZEN LIBURUA
Isilka eta Stendhali kasu eginez
Jules Winnfieldek Vincent Vegari, Laboaren txoriaz mintzo —chatGPT, 2025—
ZERRENDEN LIBURUA
Hemen doa atxikipenen zerrenda
Nazio Batuak (Berdintasunaren laudorio)
My favorite things (Rodgers & Hammerstein)
Nire gauza kuttunak (Rodgers & Hammerstein)
Itzulpenaren definizio baten bila
Zineman funtzionatzen duten gauzak
Chicago: City on the Make (Nelson Algren)
Telefonoz deitzen diodan jendea —poema vintage bat—
Aurkibidea
NATIONAL PORTRAIT GALLERY
Espezializatu egin behar zenuke
Gaztainondo bati sekula idatziko ez liokeen poeta
(Obra hau maileguan utzia izan da)
OTOITZEN LIBURUA
Isilka eta Stendhali kasu eginez
Jules Winnfieldek Vincent Vegari, Laboaren txoriaz mintzo —chatGPT, 2025—
ZERRENDEN LIBURUA
Hemen doa atxikipenen zerrenda
Nazio Batuak (Berdintasunaren laudorio)
My favorite things (Rodgers & Hammerstein)
Nire gauza kuttunak (Rodgers & Hammerstein)
Itzulpenaren definizio baten bila
Zineman funtzionatzen duten gauzak
Chicago: City on the Make (Nelson Algren)
Telefonoz deitzen diodan jendea —poema vintage bat—
ZOOM OUT
Apalak jarreran,
harroak keinuan,
konbentzitzen zailak eta
engainatzen errazak,
langileak, nobleak,
hitz gutxikoak
—baina hitzekoak—,
burugogorrak,
salbaiak ez izan arren
hala garela ukatzen
nekerik hartuko ez dugunak;
barojazale bakartien lurra gurea,
garaiz erretiratzen diren
futbol atezainena
(defentsa on bat, derrota dotore bat).
Leialagoak gara usteak plazaratzen
sentimenduak adierazten baino;
puritano deklaratu gabeak,
xuhurrak sexuan,
eskuzabalak organoen dohaintzan
—giltzurrunen post mortem erotismoan
sinesten dugu, apika—.
Gutxi izan asko izan,
lotsatzen gara
bankuan dugun diruaz.
Oteizaren itzalean hozberatuak,
edale sendoak
(sendo baino
sentimentalagoak),
jainko-voyeurren asmatzaile
zelatatuak-izan-zale,
ezin bizi
mendi puntatik gure etxeak
eta adikzioak
seinalatzean puztu gabe…
Katastrofeei deitu eta haiek besarkatzeko irrikaz:
“Zer-egin-behar-da?”,
mahukak biltzeko beti prest,
burua etzi, gorputza hemen;
hizkuntza da
gure Akilesen orpoan ezten.
Txotxa kupela baino handiagoa.
Eztena gorputza baino sakonagoa.
Herri ttipiegia hau,
etsipena zokoratu ondoren
hura zokoan ezkutatzeko
(zokotik zokoko
zoko guztiak
ikusten baitira, erne!).
Melankoliko guztiak legez
jonki ikonikoak:
heroina
poesia
borroka armatua
feminismoa
adimen artifiziala,
edozertara katigatzeko
prest gatoz etxetik, barren;
beti zerotik hasten ibiltzeak
mantentzen gaitu
hil arte
gazte;
lurrik ez oinen pean,
firmamentua hatz artean:
intxaurra intxaurrarekin
apurtzean nola,
zeruaren kontra
kraskatzen dugu zerua,
ezinen zirrikitu ezinezkoen bila:
sumendian lore,
lore artean zantar,
nolaz eta
haritz kimu bat
txertatuta
daramagun
harkaitzean.