Ulu egiteko bolondres bila
Ulu egiteko bolondres bila
2023, poesia
120 orrialde
978-84-19570-15-4
Azala: Nagore Amenabarro
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2022, poesia
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
 

 

EGIZU OHEA

 

 

Aitaren batean egiten zuen amak ohea.

 

Zeregin zailxkoa, baina ez

zapaten lokarriak lotzea bezain.

Begiak itxita egiten zuen. Liluragarria zelan

eransten zion burkoaren zigilua

gutunazal zuriari, zehatz,

inoiz heltzen ez zen mezulari bati

eskura emateko prest;

lau hankako gutun estatikoa, ohe hura,

izerdiaren pitzadurez marraztua,

larruaren eta atsedenaren lurrin,

ametsen eta lokamutsen sokaz

letorkeenari lotutako altzari.

 

Zerorrek beharko gero ikasi, egikera traketseko,

ohazala burkoaren pean sartzen

—nahi baino zimurrago beti—,

alde batetik teloia beti gorago,

tapakiaren gonak ezker-eskuin ezin berdindurik,

oihal geruza lar koltxoian gainjarrita.

 

Ohea egitea, eguneko lehen zeregina:

simetria onari zor zaion errezoa, bidesaria,

boy scouten, apezgaien, presoen diziplina.

 

Gaur, ostera, egin gabe utz zenezake aise.

 

Aske-edo zara hemen eta bakarrik zaude.

Ez zaizu nehor etorriko kontu eske.

Zer da askatasuna, akabuan,

zigorraren gertagarritasun urriari,

munduak gure aferekiko duen axolarik ezari

ematen diogun izenaz harago?

 

Zalantza egin duzu, ohea jantzi-ez-jantzi.

 

Bere horretan lagaz gero, flâneur ohetiarra,

eguerdia baino lehen berriz izaretan

kukutzeko tentazioa izan zenezake:

lo-susta, irakurketa, olgantza anfibioa

(ez derrigor dena batera;

ez beti hurrenkera horretan).

 

Baina gorrotatuko zenuke zeure burua

izarak narras, hortzak eskuilatu gabe,

eguerdi gorrian ohetik telefonoz mintzo.

 

Egizu otoi ohea, taxuz eta ganoraz,

burkoak zakuetan gorde, zabalik leihoak.

 

Erronka, mila bostehuni gorri,

merezi ote duzun dutxaren saria,

baldin talentu amiñirik bazenu

akitzeko, logaleak jota eta biluzik,

bart amaitu gabe laga zenuen poema.