FUTBOLAREN ONURA POETIKOA
Bi mahai
New Yorkeko Euskal Etxeko
egongela dotorean.
Batean agure bat,
Amorebietakoa (noski),
Sagar Handian hirurogeitaka urte daramatzana,
bertako peņa txuri-urdin edo zuri-gorriaren
(aukeran)
Gabonetako loteriaren diru-saria banatzen.
Bestean,
poeta eta editorea,
nor baino nor,
poetaren lana
adostasun magikoaren bidez
duindu guran.
Badatoz saldoka
loteria-saria kobratu nahi dutenak,
aurrena agurearengana,
baina gero beste mahaira,
nor bere iritzia ematera,
hor metonimia bat sartuko nuke,
horko litoteari ez deritzot egoki,
azken bertso-lerro horren aliterazioari ez diot
zentzu handirik ikusten.
Hori bai omenaldia
beren euskal arbaso nekazariei
auzolan xume horren bidez
egindakoa.