Keinu konplizeak
Keinu konplizeak
2018, poesia
88 orrialde
978-84-17051-12-9
azaleko irudia: Kepa Gonzalez
egilearen argazkia: Dani Blanco
Karlos Cid Abasolo
1963, Madril
 
 

 

OGIBIDE EGOKIA

 

Amari

 

 

Madrilen

Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza ikasi,

masterra Harvarden,

tesia (bikaina cum laude) Cambridgen

eta hara non

topatu duzun

langabezia tasa txikiena duen

eta hobekien ordainduta dagoen

lanbidea:

atsoen bizkartzain izatea.

 

Felisari zebra-bideak zeharkatzen lagundu

auto-gidari terroristen atzaparretatik ihesi.

 

Bittoriren telefono-aparatuak hartu

telefonia eta argindar konpainien

azpikontraten azpikontraten azpikontraten

teleoperatzaileen

dei iruzurtiei aurka egiteko.

 

Gas-errebisioa egiteko aitzakian

Karmentxuren etxean

butanoko tutua zulatzeko labana eskuan

sartu nahi duten

ustezko teknikariei

jaiotza-agiria ere eskatu.

 

Pakitak kutxazainetik dirua ateratzen duenean

hurbiltzen den edozein oinezko,

adingabe zein adindun,

bortizki uxatu.

 

Axun metroko bagoian sartzen denean,

bidaiari eseriak,

zeinetariko bakoitzak,

sakelakoaren pantailan

hil edo biziko zerbaiten bila dabilelako itxurak eginez,

ez baitu eserlekua lagatzeko imintziorik egiten,

bultzaka zutiarazi.

 

Eta, batez ere,

autobus-geltokiko ilara errespetatu gabe

Hortentsi autobusera igotzerakoan

maniobra trebe hori ekidin nahi duen edonor

errukirik gabe neutralizatu.