Miñan
Miñan
2019, nobela
152 orrialde
978-84-17051-34-1
Azala eta mapak: Yanaita Araguas
Amets Arzallus Antia
1983, Hendaia
 
 

 

XXI

 

 

Goiz batean, “Ibrahima, gaur programa bat prestatuko dut”, esan zidan Bahryk, “jainkoari otoitz egin diot segurua izan dadin, nahiko nuke zu ere ontziratzea”. “Oke, ez dago arazorik”, erantzun nion. Bi mila euroan egin genuen tratua. Hori izan zen nire bidaiaren prezioa. Bi mila euro, eta hiru hilabetean haren etxean egin nuen lan guztia.

      Gauean ur ertzeraino eraman ninduen. Zodiakak haizez puzteko bederatzi zulo zituen, eta ito beharrean ari ziren denak, eskuzko ponpekin, hanka azpikoekin, puztu puztu puztu puztu. Ponpa haien musika oraindik nire belarrian dago: ful-ful-ful-ful-ful. Han dena azken momentuan egiten da. Zodiaka puztu, motorra lotu, iparrorratz bat eman, eta uretara bultza. Bazoaz. Ez, zaude. Oraindik ez. Gauza bat ahaztu zait.

      Marokoko Poliziak proiektore handi batzuk ditu, eta mendi gainetik dena kontrolatzen du. Gu ere ikusi gintuen, nola gindoazen abiatzera, eta oihuka hasi ziren. Orduan arabiarrek arnasarik hartu gabe segitu zuten ponpatzen, ful-ful-ful-ful-ful. Arabiarrak horretan abilak dira.

      Badaezpada zodiaka asko puztu behar da. Batzuetan bidean haizea galtzen hasten delako. Eta normalean behar baino pertsona gehiago daramatzalako. Ful-ful-ful-ful-ful. Gu berrogeita hamahiru pertsona ginen. Haurrak, emakumeak eta gizonak.

      ...motorra lotu, iparrorratz bat eman, eta uretara bultza. Bazoaz. Orain bai. Zoriaren atzaparretan zaude.

      Begiratzen duzu lau aldeetara eta dena da gauza bera: itsasoa. Eta zu ez zara inoiz haren gainean eseri. Orduan motorra itzaltzen da, kapitainak martxa aldatu diolako, edo batek daki zergatik, baina motorra itzali zen.

      Zintzilik zegoen haritik tiraka hasi ziren, tira tira tira tira. Etsi arte tiratu zuten. Azkenean motorra berriz arrankatu zen, eta aurrera egin genuen, lur ertzetik urrun. Han, berriz begiratzen duzu lau aldeetara eta dena da gauza bera: itsasoa, eta zuk ez dakizu igerian. Orduan iparrorratza izorratzen da.

      Abiatu aurretik arabiarrak esplikatu zigun, “orratza zero eta hamabosten artean baldin badago bide onean zoazte, baina orratza hamabostetik hogeita hamarrera pasatzen bada ez da norabide ona”. Eta nik ez dakit zer gertatu zen, baina norbaitek esan zuen, “iparrorratza kalatu da”, eta orduan zenbakirik gabe segitu genuen aurrera, nora gindoazen ez genekiela.

      Itsasoaren erdian desagertu ginen.

      Han, begiratzen duzu berriro lau aldeetara eta dena da gauza bera: itsasoa, eta ur azpitik haragi puska handi batzuk ateratzen hasten dira, ohhhhhh. Lehenik igo eta gero jaitsi, ohhhhhh. Norbaitek esan zuen, “des dauphins”. Baina nik ez nuen hitz hori sekula entzun, eta ikaratu egin nintzen, uste nuen gainera zetozkidala.

      Ohhhhhhh...

      Nire izpiritua hegaldaka airatu zen. “Alhassane holako gau batez abiatuko zen”, pentsatu nuen. Eta nire familia osoarekin oroitu nintzen. Lehenik aita, gero ama, azkenik etxeko bi txikienak, Binta eta Rouguiatou.

      Itsasoaren gainean esertzen zarenean bidegurutze baten erdian zaude. Edo bizitza, edo heriotza. Han ez dago beste aterabiderik.