Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
XI
…barkatu, haria galdu dut. Non geunden?
… a bai, Aljer.
Aljerren urte bat eta hiru hilabete egin nituen, Birkhadem auzoan. Gutxi gorabehera bostehun egun. Egun bakoitza pasatzeko hiru lagun: ura, hondarra, eta porlana. Jantziak ere hiru: pala bat eta bi eskularru. Eskularruak nik erosi nituen, nire eskua gastatzen ari zelako. Baina Birkhademi eskuak ez zaizkio sekula gastatzen, hara egunero iristen da izerdi berria. Malitik, Nigeriatik, Kamerundik, toki guztietatik. Egunero. Dena immigrazio. Basamortua zeharkatu duen afrikarra, edo gerratik ihes egin duen siriarra. Logika oso sinplea da, lana gogorra baldin bada immigrazioak egingo du.
Birkhademen lana erdi gordeka egin behar zen, Poliziak ez atzemateko. Gauetan ere ez ginen chantier-etik ateratzen, badaezpada. Hormigoizko bloke handi batzuen azpian ezkutatuta egiten genuen lo. Horra gure ohea, betoi puska bat. Eta horra gure estalkia, kartoi txatal bat. Egunsentian, jaiki, otoitz egin, kartoiak tolestu, eta lanera.
Chantier-etik kanpo nik ez dut Aljer ezagutzen. Gu herrialde magrebtarretan ez gara errespetatuak. Inoiz zerbait erosi beharrez denda batera sartzen banintzen, kanpora bidaltzen ninduten, “hemen animaliarik ez”. Eta espaloian irainak entzuten nituen. Edo ez zuten ezer esaten, baina sudurra tapatzen zuten, nire ondotik pasatzean.
Herrialde magrebtarretan umiliazioa etengabea da. Eta ez da Polizia bakarrik, jende arrunta da, zu eta ni bezalakoa, askotan haurrak. Eta zuk ez daukazu onartu besterik, ezin duzu ezer esan.