Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
XVII
Tripako mina ez zitzaidan Nadorren hasi, Aljeriatik nirekin zetorren. Jaio nintzenetik ez nuen halako oinazerik izan, eta pentsatzen nuen, “gizona laster desagertuko da”. Gizona esaten dudanean gizon hori ni naiz, eta mina ere ni, oso-osorik ni. Baina batez ere nire tripa, nire bularretik hasi eta hanka arteraino. Zuk orain aliketekin hesteak tinkatuko bazenizkit bezala.
Baina Tangerren edo Nadorren ezin nuen ezer egin. Marokon ez da hemen bezala. Hemen ospitalera eraman naute eta medikuak esan du, “hau gaur bertan ireki behar da”. Lo utzi nau, eta sabelean hogei agrafarekin esnatu naiz. Hernia nuen urdailean. Baina Aljerian edo Marokon ezin zara ospitalera joan. Atetik igaro orduko esango dizute, “zoaz zure herrira, hau ez da zure lekua”. Beraz tripako minarekin bizi nintzen, eta pentsatzen nuen, “gizona laster desagertuko da”.
Egun batean, lagun bat hurbildu zitzaidan, eta, “Ibrahima, marabout bati deituko diot”, esan zidan. Afrikan le marabout gorputzaren sekretuak ezagutzen dituen pertsona da, baina ez da medikua, ez du sekula eskolarik zapaldu. Nik ezetz esan nion, “pasako da”. “Ez, Ibrahima”, tematu zen, “nik zure begietan ikusten dut zure oinazea, eta oraintxe noa marabout baten bila”. Bost minuturen buruan han geunden biak. Ni ginearra, hura nigertarra. Ni tripako mina, hura le marabout. Bizpahiru galdera egin zizkidan eta maraboukeriatan hasi zen.
Bat, tripa ukitu zidan. Bi, besoak mugitu. Eta hiru, begiak itxi zituen. Begiak itxita hobeto pentsatzen da. “Ibrahima, nolakoa da mina?” galdetu zidan. “Amak mundura eman ninduenetik ez dut holako oinazerik izan”, erantzun nion. “Oke, min hori kentzeko landare bat jan behar duzu. Landare horren izena da...”, orain ahaztu zait.
Alta, banekien... Zaude.
Ez, ez dator. Berdin dio. Gainera nik ez neukan konfiantzarik, eta esan nion nire gorputzak ez zuela halakorik jateko ohiturarik. “Ibrahima, hori da zure medikamentua”, errepikatu zidan, “hori da sendatzeko jan behar duzuna”. “Oke”, erantzun nion, “mila esker”.
Baina ez nuen jan. Zuk gorputzean min bat duzunean horrek beste zauriak lotzen ditu, eta ahaztarazten. Eta nik banekien tripako mina pasatzean zerk joko ninduen. “Alhassane, miñan...”. Baina min horrentzat ez dago basoan landarerik, hori nik badakit marabout izan gabe.
Beraz, tripako minak lagundu zidan Aljeriatik Marokoraino. Ujdan hiru egunez ibili zen nirekin, eta Tangerren egun gehiagoz. Nadorren berdin. Baina han ez da hemen bezala. Ospitalera joaten bazara hurbilduko zaizu norbait eta esango dizu, “hau ez da zure lekua, kanpora hemendik”.
Eta aliketek zure hesteak tinkatzen segituko dute.