Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
VIII
Konakryko geltokitik autobus asko ateratzen da, norabide guztietara. Banku batean eseri eta mugimenduari begira egon nintzen. “Liberiara joango naiz”, pentsatu nuen. Ez dakit zergatik, izenagatik beharbada, esateko erraza delako. Sierra Leona luzeagoa da, eta Boli Kosta ere bai. Gainera norbaitek esan zidan haur batentzat lantxo bat bilatzeko aukera gehiago zegoela Liberian. Uste dut horregatik ere hautatu nuela, nahiz eta ni ordurako ez nintzen haurra. Hamahiru urte nituen.
Minibus baten aurrealdeko kristalean idatzirik ikusi nuen: Li-be-ri-a. Baina gidariarengana hurbildu nintzenean ezetz egin zidan buruarekin, “ezin zaitut eraman, txikiegia zara”. “Hamahiru urte”, esan nion. “Txikiegia zara”, berretsi zidan.
Pixka bat insistitu ondoren, han familiarik banuenez galdetu zidan. Ezetz erantzun nion. “Eta zertara zoaz hara?”. “Baduzu denbora pixka bat?” galdetu nion. “Minibusa hemendik hogeita zortzi minutura abiatuko da”, zehaztu zidan. “Oke”, eta nire kasua esplikatzen hasi nintzen.
Dena ongi entzun zuen. “Eramango zaitut”, onartu zidan, “baina minibusaren sabai aldean joan beharko duzu, dans le porte-bagages”. “Mila esker”, esan nion. Eta gora igotzen hasi nintzen. Afrikan ez da hemen bezala, han merkantziak autobusaren bizkar gainean ibiltzen dira.
Maleta denak erdialdean zihoazen eta ni ertz batean eserita, hankak zintzilik. Bidea luzea izan zen, hiru egun. Ipurdia pixka bat minberatu zitzaidan, eta kopeta berotu. Hiru egunean gauza asko pentsatu nuen. Bat, zergatik aukeratu nuen Liberia. Bi, zer egingo nuen hara iristean. Hiru, nolatan utzi nituen ama, Alhassane, Fatumata Binta eta Rouguiatou etxean. Eta lau, “noiz iritsiko gara?”.
Minibusa frenatzen hasi zenean egunsentia zen. “Monrovia” oihukatu zuen norbaitek eta mundu guztia eskaileretatik jaitsi zen. Gero, gidari gaztea porte-bagages gora igo, eta bakoitzari bere maleta botatzen hasi zen. “Zuk ere hemen gelditu behar duzu”, agindu zidan. “Oke”, erantzun nion, eta salto batean hartu nuen lur.