Miñan
Miñan
2019, nobela
152 orrialde
978-84-17051-34-1
Azala eta mapak: Yanaita Araguas
Amets Arzallus Antia
1983, Hendaia
 
 

 

XX

 

 

“Nik ez daukat hainbeste diru”.

      Hala esaten nien basora programa-k saltzera zetozen pasatzaileei. Pentsatzen zuten gezurretan ari nintzela, uko egin nahi niola prezio osoa ordaintzeari. Baina egia zen, nik ez neukan hiru mila eurorik. Bi mila eta seiehun eurorekin iritsi nintzen Nadorrera. Beraz, ez ginen ados jartzen eta joan egiten ziren. Pasatzaileak, eta programa-k. Aldi oro. Eta ez ziren itzultzen.

      Pasatzaile guztiak ez ziren arabiarrak. Batzuk gure etnietakoak ziren, Europara abiatuak, eta komertziorako senak han finkatuak. Komertzioan lan egiteko oso inportantea da bihotza txikia izatea. Hori ez da arazo bat, hori beharrezkoa da, baina mundu guztiak ezin du. Beharbada pixkanaka ikasten da, ez dakit, ni ez naiz inoiz saiatu.

      Egun batean Bahry izeneko bat igo zen basora. Ginearra zen, eta pularrez hitz egiten zuen. Hark ere hiru mila euro nahi zituen, beste guztiek bezala, baina nik nire kasua esplikatu nion eta entzuteko denbora hartu zuen. Esan zidan momentu hartan ezin zidala lagundu, baina uzteko tarte bat, hamar egun, edo hamabost, eta erantzungo zidala. “Oke, ni ez naiz hemendik mugituko”.

      Bi hilabete baino gehiago joan ziren eta ez nuen Bahry berriz ikusi. Bere telefono zenbakia paper batean idatzia utzi zidan eta nire lagun baten mugikorretik deitzen nion, baina ez zuen erantzuten. Azkenean etsi nuen, eta pentsatu, “orain baso hau nire etxea da, ez naiz sekula hemendik aterako”.

 

 

Uste dut asteazkena zela, beharbada osteguna, ez nago ziur, baina Bahry ikusi nuen berriro. Bi marokoarrekin igo zen basora. Programa bat prestatzen ari ziren, eta bezeroen bila zebiltzan. Hiru mila eta bostehun euro eskatzen zituzten eta jendea prezioa jaisten saiatzen zen, adibidez hiru mila eta berrehun, edo hiru mila. Baina basoa jendez beteta dagoenean hori ez da erraza. Zuk ezetz esaten baduzu ere, zure atzean beti dago beste norbait. Komertzioa hola da.

      Itzulia bukatu, eta niregana hurbildu zen Bahry. “Zer moduz?” galdetu zidan. Nik, “djantou”, erantzun nion. “Ibrahima, ez daukat programa-rik zuretzat, baina badaukat beste zerbait”. “Ah bon, zer?”. “Nahi baduzu nire etxera etor zintezke, hurrengo programa prestatu arte han egongo zara”.

      Basotik jaitsi, autoan sartu eta bere apartamentura eraman ninduen. Bahry Nadorreko auzo batean bizi zen. Sukaldea, gela bat, eta egongela. Gau hartan kanapean egin nuen lo, eta nire bizkarra asko harritu zen. Bi urte baino gehiago zeramatzan hormigoizko blokeen gainean edo basoan etzaten.

      Esnatu nintzenean denentzat gosaria prestatu nuen. Denak, Bahry eta Bahryren emaztea ziren. “Gosaltzen bukatutakoan sukaldea garbitzen hasiko zara”, agindu zidan. “Etxe batean emakumeak egiten dituen lan guztiak zuk egingo dituzu hemen”. “Oke”, erantzun nion.

      Hiru hilabete eman nituen apartamentu txiki hartatik atera gabe.