Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
VIII
Pixka bat atzera egin behar dut, Ghardaian gauza bat ahaztu zaidalako, gauza bat kontatzea. Kontatu nahi dizudana ez da esplikatzen erraza, baina niretzat inportantea da. Emik bezala hitz egingo banu, oso erraz formulatuko nizuke, baina ni Ibrahima naiz, eta nire hitzekin saiatuko naiz. Ea ulertzen didazun.
Libiara joan baino lehen jende asko ezagutu nuen Ghardaian, baina Libiatik itzultzean askok ez ninduen ezagutu. “Ibrahima erotu da”, hasi ziren esaten. Nik ez nuen ezer esaten baina dena entzuten nuen. “Ibrahima eroa da orain”, hori zioen jendeak.
Lehenago etorri handia nuen, eta umorea. Baina Libiatik mutu itzuli nintzen. Hortzetako mina nuen. Eta burukoa. Buruko mina nuen gorputz guztian. Konkretuki, bi buruko min. Bat, Alhassane, eta bi, ama. “Nola esplikatuko diot naufrage hitza gure amari? Nola kontatuko diot Alhassaneren berria?”. Erantzun-hitzak asmatzen hasten nintzenean pentsatzen nuen, “orain bizitza ez zait interesatzen”.
Eta ez nuen ezer esaten. Ez nuen ezer egiten. Etzanik egoten nintzen, edo eserita, eta entzuten nuen, “Ibrahima erotu da”.
Egun batean, lagun batek ikusi ninduen, eta esan zidan, “Ibrahima, gaur zerbait jakin dut”. Nik, “zer?” galdetu nion. “Jendea hizketan sumatu dut trankilo-an eta esaten du zu erotu egin zarela”. “Bai”, lasaitu nuen, “hori egia da, ez zara enteratu, ala?”. Ezetz erantzun zidan. “Ba hala da”, azaldu nion, “esan dizuten bezala, ni orain ero bihurtu naiz, eta? Ça te pose un problème?”. “Ez”, isildu zen. Orduan, nik jarraitu nuen, “badaukazu zigarro bat?”. “Bai”. “Ba eman, otoi”.
Zigarroa piztu eta isilik gelditu nintzen. Un fou c’est comme ça, ez duzu ezertarako indarrik, ez zaizu jendea interesatzen. Nahiago duzu bakarrik egon.
Hemen ere sarri egoten naiz bakarrik, pentsatuz, “nola bizi ninteke nire bizitzarekin?”. Baina kontzentratu, eta ingurura begira hasten naiz, ezkerrera, eskuinera. Askotan esaten zuen aitak: “Quel que soit x, zu beti erdian egongo zara, norbait egongo da zure aurrean, eta norbait egongo da zure atzean. Bizitza hola da, eta ezin duzu inoiz esan: nik inork baino gehiago sufritzen dut”.