Miñan
Miñan
2019, nobela
152 orrialde
978-84-17051-34-1
Azala eta mapak: Yanaita Araguas
Amets Arzallus Antia
1983, Hendaia
 
 

 

XVII

 

 

Hilabete batzuk joan ziren, deus jakin gabe, eta goiz batean Konakryko lagun bat etorri zitzaigun garajera. Ostirala zen, kamioiari filtroak aldatzeko eguna, olioa ere berria. “Ibrahima”, esan zidan, eta burua itzuli nuen. “Zure amak deitu dit, Alhassaneren notiziak iritsi dira”. “Ah bon?”. “Bai, Alhassane Libian dago”. Isilik gelditu nintzen. Berriz esan zidan, “Libian dago”.

      Arnasa hartu nuen, zintzurra minberatzen duen arnasa. “Ume bat da, azkena ikusi nuenean ez zituen hamalau urte, zeren bila joan da Libiara? Eta nola erabaki du hara joatea niri ezer esan gabe? Ez zen hori bion artean adostu genuena”. Hori dena pentsatu nuen. Eta gauza gehiago, “nola iritsi da Libiaraino dirurik gabe?”.

      Arratsalde hartan amari deitu nion. “Ama, nork esan dizu Alhassane Libian dagoela?”. “Ibrahima, berarekin hitz egin dut, eta berak esan dit”. “Eta ziur zaude ongi ulertu diozula?”. Hori galdetu nionean ama pixka bat haserretu zen. “Ibrahima, ez duzu kontsideratzen zure ama esaten ari zaizuna?”. Baietz erantzun nion, baina ni ez nengoen ziur, zeren eta nire amak ez du sekula ikusi Afrikako mapa, eta ez da ohartzen Libiarainoko bidearen distantzia luzeaz. Zuk esango diozu, “hemen dago Libia, hor Aljeria, eta han Maroko”, eta amak, “oke”, erantzungo dizu, baina jakin gabe.

      “Ibrahima, Alhassane Libian dago”, esan zidan berriro. Eta telefono zenbaki bat eman zidan. “Alhassanek zenbaki honetatik deitu du, zuk dei iezaiozu, saiatu berarekin hitz egiten”. “Dakor”, erantzun nion.

      Telefonoa mozterakoan, “Libian dago”, pentsatu nuen. Libian.