Miñan
Miñan
2019, nobela
152 orrialde
978-84-17051-34-1
Azala eta mapak: Yanaita Araguas
Amets Arzallus Antia
1983, Hendaia
 
 

 

XVI

 

 

Egun batean, Nzerekoren geundela, nagusiak telefonoa eman zidan etxera dei nezan. Denbora pixka bat bazen Thiankoin zer gertatzen zen ez nekiela. Hots egin eta amak hartu zuen, “alo?”. “Ama, Ibrahima naiz, zer moduz zaude?”. “Djantou, alhamdoulillah, eta zu?”. “Ni ere ongi, jainkoari eskerrak”. Ohiturazko bi edo hiru esaldi horiek eta gero, berriz galdetu nion, “ama, ongi zaude?”. “Bai, ni ongi nago, baina bada hiru aste ez dudala Alhassaneren berririk. Etxetik alde egin zuen eta ez dut ezer jakin ordutik, zuk badakizu zerbait, Ibrahima?”.

      Nik ez nekien ezer. Hiru edo lau urte neramatzan etxetik urrun, eta denbora hartan hiru aldiz bakarrik hitz egin nuen Alhassanerekin. Ez zidan behin ere adierazi inora abiatzeko asmoa zuenik.

      “Eman denbora pixka bat”, esan nion amari, “saiatuko naiz zerbait jakiten”.

      Konakryra itzultzean aitaren anaia zaharrarengana jo nuen, Alhassane handik pasatu ote zen jakiteko. Ezetz esan zidan, ez zekiela ezer. “Oke”, erantzun nion. Eta garajera itzuli nintzen.

 

 

Denborak aurrera egin zuen, aste batzuk, agian hilabete bat, edo gehiago, Alhassaneren berririk gabe. Herrixkara itzultzea erabaki nuen, amarengana.

      Konakryn bi arroz zaku erosi, eta autobusez joan nintzen Kankalaberaino. Handik Thiankoira oinez, arroza bizkarrean. Ama etxe atzean aurkitu nuen, baratzean. “Ibrahima”, esan zidan. “Ama”, erantzun nion, “nik ez nekien ezer”.

      Astebete egin nuen etxean, eta Alhassaneren hutsune hartan nire ahulezia sumatzen hasi nintzen. Ahulezia esaten dudanean errua esan nahi dut. Bai, nire errua. Ikasketetan laguntzeko hitza eman niolako, baina ezin izan nuen, aprendiz soil bat nintzen, ez nuen sosik irabazten. Eta alde egin zuen.

 

 

Etxe aurrean laranjondo bat zegoen, aitak landatua. Haren ondoan eseri eta pentsatzen nuen, “anaia txikia non ibiliko ote da?”. Binta eta Rouguiatou hurbiltzen zitzaizkidan eta ez nien kasurik egiten. Ezin nuen. Joan egin nahi nuen. Liberiara, Malira, Sierra Leonara, Mauritaniara, norabait, joan, anaia txikiaren arrastoaren bila.

      Amari galdera asko egin nizkion hark zer pentsatzen zuen jakiteko, eta amak, “Ibrahima, zu itzuli Konakryra”, erantzun zidan, “ez utzi zure aprendizgoa, berriren bat iristen denean nik abisatuko dizut”. “Dakor”, esan nion, eta Konakryra itzuli nintzen.

      Zama astunak garraiatzen ikastera.