Miñan
Miñan
2019, nobela
152 orrialde
978-84-17051-34-1
Azala eta mapak: Yanaita Araguas
Amets Arzallus Antia
1983, Hendaia
 
 

 

XVI

 

 

“Nadorren Europarako programa-k merkeagoak dira hemen baino”. Hori maliar batek esan zidan Tangerren. Nik berehala kalkulatu nuen, “han merkeagoak baldin badira zuk zer egiten duzu hemen?”, eta ez nion sinistu. Baina Nadorrera joan nintzen.

      Guztira sei hilabete egin nituen Nadorreko basoan. Han nire begiek ikusi dutena ez da erraza esplikatzen.

 

 

      Yirri, gure hizkuntzan, arroza da, eta yedurne, haurdun dagoen emakumea.

      Igandea zen, edo larunbata, orain ez naiz oroitzen. Emakumeek arroz koipetsua prestatu zuten. Ni goizeko bostetan jaiki nintzen ur bila joateko, eta hamaikak aldera marmita prest zegoen. Bakoitzak gure katilua eskuetan geneukan, zain geunden, bi egun generamatzan jan gabe. Baina norbaitek, zutitu eta, “doge-doge” oihukatu zuen. Begiak jiratu eta polizien kamioiak ikusi nituen basopean. Dena inguraturik zeukaten.

      Mundu guztia katilua airera jaurti eta korrika abiatu zen. Nik pixka bat itxaron nuen. “Txoriak baino lehen jaiki naiz ur bila joateko, emakumeek goiz osoa pasa dute arroza prestatzen, ez diot marmita hau poliziari utziko”. Oihal handi bat hartu, korapiloa egin, eta nire buru gainean kokatu nuen ontzia. Teknika hori amak erakutsi zidan haurra nintzenean. Oihala lotu eta sasi artean saltoka abiatu nintzen, marmita buru gainean balantzaka. Polizia nire atzetik lasterka zetorren, garrasi itoan: “stop, taburdimok, stop”. Taburdimok, arabieraz, hitz zikin bat da.

      Azkenean zortea izan nuen, ez ninduten harrapatu. Uste dut gizonezko denek lortu genuela ihes egitea. Emakumeek ez. Hori, basoan, askotan gertatzen da. Emakumeek ezin baitute haurrak atzean utzi eta korrika egin. Bizkarrean lotzen hasten dira, edo besoan dindilizka hartzen, eta hola denbora galtzen dute. Egun hartan emakume asko eraman zuten Nadorretik.

      Gu handik hiru edo lau ordura itzuli ginen berriz lehengo lekura, eta katiluak mila puska eginda aurkitu genituen. Poliziak hankapean ibili zituen, edo harri kolpeka txikitu, ez genezan deus jan. Orduan taldeko batek, “eta non dago arroza?” galdetu zuen, “hemen utzi dugu marmita ala?”. “Bunbula horiek akabatu egingo gaituzte azkenean”. Bunbula, basoko lengoaian, polizia da.

      Ni zuhaitz baten atzean ezkutatuta nengoen, eta dena entzuten nuen. Atera nintzenean garrasika hasi ziren, “eeeeeehhh, grand el-Haj! Marmita gorde duzu? Biba Ibrahima handia!”. Marmita lurrean pausatu eta denak arrozari mokoka hasi ziren. Eroak bezala.