Miñan
Miñan
2019, nobela
152 orrialde
978-84-17051-34-1
Azala eta mapak: Yanaita Araguas
Amets Arzallus Antia
1983, Hendaia
 
 

 

XIII

 

 

Libia beste mundu bat da. Sufritzeko egina dago.

      Ghardaian askotan abisatu zidaten, “habibi, ez joan Libiara”, baina nik, “ez daukat beste aukerarik”, erantzuten nien, “Sabrathara joan behar dut”. Orduan bidea esplikatu zidaten. “Lehenik Deb Debera egin behar duzu, autobus batean, eta gero oinez segitu. Baina kontuz ibili”.

      Ghardaia-Deb Deb, mila eta hirurehun dinar, zazpi ordu.

      Deb Deb Aljeriako azken herria da, gero muga dator, eta gero Libia. Muga zona internazionala da. Hor zaudenean ez zaude ez Aljerian eta ez Libian, hori poliziaren eremua da. Eta polizia ez da izutzen, badaki zer den pertsona bat torturatzea. Eta pertsona hori ni bezalakoa baldin bada ez du joko hanketan, edo eskuetan, joko du hanken artean, edo buruan. Badaki mina hor gordetzen dela.

 

 

Deb Debeko geltokian zortzi pertsona ikusi nituen. Esan zidaten gau horretan saiatuko zirela muga zeharkatzen eta nahi banuen joateko haiekin, baina nik, “zoazte zuek, ni hemen geldituko naiz”, erantzun nien. Banekien huts egiten bazuten zer gertatuko zitzaien.

      Gaua geltokian igaro nuen, banku batean eserita, goizaren zain. Voilà. Argi sarkorra, erredura bat bi begietan. Eta zortzi pertsonen arrastorik ez. Arratsaldean ere ez. “Irabazi dute”, pentsatu nuen, “iritsi dira Libiara, haiekin joan behar nuen”. Baina ezetz esan nien eta hantxe nengoen, Deb Debeko geltokian, banku batean eserita, gauaren zain.

      Arratsaldean beste bi ginear iritsi ziren. Haiek ere Libiara joateko asmoa zuten, eta galdetu nien ea haien konpainian sar nintekeen. Baietz erantzun zidaten, “ordaintzen baldin baduzu lagunduko dizugu”. Hitz horiekin asko harritu nintzen. “Barkatu, lagundu zertan? Pick-up bat hartuko dugu ala? Ni nire oinekin ibiltzen banaiz ez dizut ezer ordaindu behar”. “Oke”, onartu zuten, “arrazoi duzu”, eta hantxe gelditu ginen hirurak, noiz ilunduko.

      Han geunden artean ohartu nintzen asko hitz egiten zutela. Azkenean nire belarriak nekatu ziren, eta, “konpainia hau ez da ona”, pentsatu nuen. Hori pixkanaka ikasten da, pertsona bat bere hitzen arrastoan ezagutzen.

      Hogeita biak zero zerotan, “gorebe, orain iluna da, goazen”, esan zidaten. Baina nik, “ez, ni ez noa”, erantzun nien, “ikara etorri zait”. “Ah bon?”. “Bai, zuek joan”. “Oke”. Eta joan ziren. Ni pixka batean zain egon nintzen, haiek urrundu arte, eta gero abiatu nintzen, atzeraxeagotik.

      Hiru edo lau orduz ibili nintzen, hondarretan, bi ginearrak beti begimenean.

      Goizeko lauretan, Libian geundela ohartu nintzen. Herri txiki batera iritsi eta Aljerian ikusten ez nituen gauzak ikusten hasi nintzen. Allahu akbar. Zahar bat meskita batera sartu zen lehen otoitz orduan. Fusil luze bat zeraman soinean. Allahu akbar.

      “Hau Libia da”, pentsatu nuen.