Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
XIX
Alhassaneren arrastorik ez zen Sabrathan, eta, “Zawiyara joango naiz”, erabaki nuen. Zawiya Sabrathatik hurbil dago, oinez gau bat da. Egunez ez dakit zenbat den, ezin baitzara ibili. Poliziak harrapatuko zaitu, eta kartzelara sartuko, edo hezur bat hautsiko, zaren bezalakoa zarelako.
Gauaren zain egon nintzen. “Zawiya”, pentsatu nuen, eta eguzkia erori zen.
Oinez nindoan, bide bazterretik. Hiru gauza egiten nituen: begiratu, mugitu, gelditu. Begiratu, mugitu, gelditu. Askotan egin nuen hori.
Goizeko bostak ziren, ez zebilen inor, dena kieto. Goizeko seiak eta nekatzen hasi nintzen. Bide ertzean meskita bat ikusi nuen eta haren ondoan zuhaitz bat. Ez galdetu zein toki zen. Gaua eta zuhaitz bat, ez dakit besterik. “Hor ezkutatuko naiz”, pentsatu nuen. Zuhaizpera makurtu eta ingurua zelatatzeari ekin nion. “Ez dabil inor, begiak itxiko ditut”. Hiru segundo. “Begiak irekiko ditut, badaezpada”. Inor ez. Berriz begiak itxi, eta lo hartu nuen. Goizeko bederatziak arte.
Esnatzean, zuhaitzak han jarraitzen zuen, meskitaren ondoan. Ez zen mugitu, eta izutu nintzen. Libian zerbait denbora askoan geldirik ikustea ez da seinale ona. “Alde egin behar dut”, pentsatu nuen, “bai, denbora gehiegi daramat hemen”.
Goizeko hamarrak, edo hamaikak, eta eguzkipean nindoan. Bero egiten zuen, bero errea. Tarteka pick-up bat pasatzen zen, eta makurtzen nintzen. “Joan da, Allahu akbar”. Berriz oinez. Baina pauso batzuk, nire atzetik. Bai, pauso batzuk. Burua jiratu eta zahar bat ikusi nuen, niregana zetorren. Pausoa azkartu nuen. Azkarrago. Alferrik. Bi esku nire bizkarrean. Bi esku eta beste zerbait. “Harrapatu nau”.
Arabieraz hasi zen, “barka lafi”. Nik arabiera ez dut ongi menperatzen, baina agurtuz gero erantzungo dizut. “Barkatu, ez dizut ulertzen”, esan nion, eta zerbait galdetu zidan: “Barka lafok?”. Nik, “no”, erantzun nion. “No?”, hark. “No”, nik. Orduan, bere guba altxatu, eta kalaxnikova erakutsi zidan. Bai, hola. Guba txaleko luze bat da, gizonek erabiltzen dute. Kalaxnikova badakizu zer den.
Quatre-quatre batera igoarazi ninduen, ez dakit Golfa zen edo Forda, orain ez naiz ongi oroitzen, baina auto handia zen. Aurrean fusilak zeramatzan, eta ni atzean eseri nintzen. Arabieraz hitz egiten zidan eta ez nion ezer ulertzen.