Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
IX
Liberian hitzak asko aldatzen dira, batez ere hitzen musika. Han beste hizkuntza bat erabiltzen du jendeak. Merkatuari market deitzen diote, eta Monrovian market handi bat dago, Watazai izenekoa. Hitz hori frantsesez dela uste dut, Watazaaai. Frantsesez a hori pixka bat luzatu behar da. Ingelesez Waterside esaten da, ur ertzeko herria.
Watazai merkatu izugarria da, nire begiek ez dute sekula holakorik ikusi. Usain arraro asko nahasten da, eta jendea zama handiak hartuta ibiltzen da oinez, askotan ezinean. Ni haiei laguntzen hasi nintzen. Norbait karga handiarekin ikusten banuen, poltsa bat hartu eta harekin joaten nintzen. Gero zerbait ordaintzen zidan. Hiru libati, zazpi libati, edo hamabost libati. Eta poliki-poliki diru pixka bat irabazten hasi nintzen.
Hamahiru urterekin zamak eramatea ez da lan erraza. Ni artean txikia nintzen eta garraiatzen nituen kartoiak ordurako handiak ziren. Kartoiak fruituz beteta zihoazen, batzuetan ananaz eta besteetan ahuakatez. Edo bestela jantziz. Eta baziren beste batzuk, nik ez dakit zer zeramaten barruan, baina indarrik gabe uzten ninduten. “Ezin dut”, esaten nion jendeari, “kartoi hau ni baino indartsuagoa da”. “Oke”, erantzuten zidaten, “beste norbait bilatuko dugu”, eta ez zidaten sosik ematen.
Azkenerako Watazaiko jendeak nirekin konfiantza hartu zuen, eta nire izenez deitzen ninduen. “Ibrahima, etorri colis hau eramaten laguntzera”, edo, “Ibrahima, tori dirua”. Hori niretzat garrantzitsua da, hurbiltasuna erakusten du. Baina gauero ni ezagutzen ninduten denak desagertu, eta bakarrik gelditzen nintzen. Orduan geltokira itzultzen nintzen. Han, lurrean kartoiak zabaldu eta ohe txiki bat egiten nuen. Liberian kalean lo egiten ikasi nuen.
Hiru hilabetean hala bizi izan nintzen, lana merkatuan eta loa geltokian. Azkenean denboraren kontzientzia pixka bat galdu nuen. Beraz, orain kontatu nahi dudana ez dakit zehazki zein egunetan zen, baina badakit asteburua zela, larunbata edo igandea.
Gizon bat ikusi nuen garaje batean. Mekanikan ari zen, eta eskuak zikinak zituen. Ni hari begira gelditu nintzen, eta hura niri. “Ginearra zara?” galdetu zidan. “Bai”, nik. “Bagara bi”, hark. Bizkarra eman eta lanean segitu zuen. Bi minutu, beharbada hiru. Atzera begiak jiratu eta, “zertara etorri zara Liberiara?” galdetu zidan. “Nire etorkizuna planifikatzera”, erantzun nion. “Gurasorik baduzu hemen?”. “Ez”. “Lan egiten duzu?”. “Merkatuan jendeari laguntzen diot zamak eramaten”. “Eta uste duzu modu horretan planifika zenezakeela etorkizuna?”. “Ez, baina ez daukat beste aukerarik”. Berriro isildu zen, eta hala egon ginen luzaroan, ni hari begira eta hura lanean.
“Nik ere nahiko nuke lan bat”, ausartu nintzen. Ez zidan erantzun. Kamioi baten motorra konpontzen ari zen. Bukatu zuenean burua altxatu eta, “zer lan egin nahiko zenuke?” galdetu zidan. “Gidaria izan nahiko nuke, txikitatik gustatzen zaizkit kamioi astunak, gazte bat ikusten badut kamioia gidatzen begira-begira egoten naiz”. Hori dena segidan eta gelditu gabe esan nion. “Ni kamioi gidaria naiz”, erantzun zidan, “baina zu txikiegia zara aprendiz hartzeko. Zenbat urte dituzu?”. “Hamahiru”. “Txikiegia zara”. “Badakit, baina moldatuko naiz, zuk nik egin nezakeen guztia eskatu eta egingo dut”. Bi aldiz errepikatu nion hori, beharbada hirutan, eta itxaroteko esan zidan, denbora pixka bat behar zuela pentsatzeko. “Oke”, erantzun nion. Eta merkatura itzuli nintzen.