Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
XX
Pertsona bat hogeita lau orduan nire atzean, eta ni buruz behera, horma baten ondoan. Esaten zidan nire herrira deitzeko eta norbaiti dirua eskatzeko. “Nik han ez daukat inor”, erantzuten nion, baina hari bost. “Ez daukat aitarik, ama laborari xumea da, nire atzean ez dago inor”. Saiatzen nintzen hori dena arabieraz ulertarazten, baina hari hori dena bost.
Hormaz inguratutako eremu zabal bat zen. Zerutik dena ikus zitekeen.
Eguerdiko hamabietan eguzkia goi-goitik erortzen zen, eta hondarraren kontra lehertzen. Nire atzean zegoen gizonak belaunikatzeko agintzen zidan, “jarri belauniko eta zabaldu besoak”. Eta han uzten ninduen, beso zabalik, esku bakoitzean harri lodi bat. “Besoak erortzen baldin bazaizkizu fusilak hitz egingo du”. “Oke”. Eta okerrena orduan hasten da.
Denboraren pisua sentitzen hasten zara, harriak dardarka hasten dira. Harriak eta gero besoak, eta besoak eta gero bularra, eta bularra eta gero lepoa, eta lepoa eta gero burua, eta burua eta gero dena. Dardarka. Eta lurrera erortzen zara, hondar errearen gainera. Eguzkia ur irakina da zure ahoko zuloan. Orduan, fusila hartu eta min gehien ematen duen lekuan jotzen zaitu, paf-paf-paf. Baina hori ez da ezer. Hori, han, afera txikia da. Gizon harentzat, zu torturatzea egun on esatea bezala da. Ez bazaitu hiltzen, esaiozu mila esker.
Tarteka taza erdi bat ur ematen zidan. Orduan, egarri bizia lotzen zitzaidan gorputzean, eta taza ahotik kentzen zidan. Ur gehiago eskatu eta zafrako bat jasotzen nuen. Egarria kentzeko. “Nahikoa edan duzu”. Taza erdi bat ur.
Nahikoa, ez hiltzeko. Haren helburua hori zelako, nik sufritzea, baina ez hiltzea. Hilez gero ez nuen bost zentimo balioko, eta ez nion inori deituko dirua bidal zezan erregutuz. Horregatik ematen zidan, noizbehinka, taza erdi bat ur.
Bi taza erdi ur, hiru egun.
Hiru egun oso pasatu nituen han, hogeita lau orduan pertsona bat ni torturatzen. Baina ez nintzen ni bakarrik. Nirekin batera beste ehun zeuden, edo ehun baino gehiago, ez dakit, ez nituen kontatu. Baina entzuten nituen, gizonak eta emakumeak. Haurrik ez. Emakumeek negar egiten zuten, eta garrasi, gau guztian, gelditu gabe. Bat isiltzen zenean bestea hasten zen, eta hura isiltzean bestea. Eta au suivant.
Gure torturatzaile guztiak zibilak ziren, zu eta ni bezalako jendea. Torturatuak ere berdin, emakumeak eta gizonak, denak nire trazakoak. Inork ez zuen ezer egin han egoteko. Ni nire anaia txikiaren bila joan nintzen Libiara, beste guztiak Europarako programa baten ametsean. Baina gu torturatzen ari zirenei hori dena bost.
Nik ez nuke hitz egin nahi holako gauzez, kontatzen dudanean ikusi egiten dudalako, nire begien aurrean, esplikatzen ari naizen guztia. Zu orain hemen zaude, entzuten, baina ni han nago, nire haragiaren barruan, eta kontatzen dudanean berriz bizi dut esplikatzen ari naizen guztia. Horregatik, ez nizuke hitz egin nahi holako gauzez. Baina zuk galdetu didazu, eta esan dizut. Eta esan dizudanean berriz sentitu dut dena.