Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
X
Fruituz betetako kartoiak garraiatuz pasatu nituen hiru egun. Sorbalda minberatua nuen. Asteartea zen, edo asteazkena, orain ez dakit. Garajean ezagutu nuen gizona merkatura azaldu zen, baina nik ez nuen ikusi. Pakete handi bat garraiatzen ari nintzen. Hark atzetik segitzen ninduen, baina ni ez nintzen ohartzen. Paketea pausatu nuenean, “Ibrahima”, deitu zidan, eta burua itzuli nuen.
“Bazkaldu duzu?”, galdetu zidan. “Ez”, erantzun nion, eta ondoko ostatura eraman ninduen. Arroz pixka bat eskatu zuen biontzat eta aurrez aurre eserita jan genuen, biok katilu beretik. “Ibrahima, ez zaitut berriz holako lanak egiten ikusi nahi, hori astunegia da zuretzat”. “Badakit, baina ez daukat beste aukerarik, horregatik egiten dut”. “Nahi baduzu zatoz nirekin, aprendiz hartuko zaitut”.
Esaldi hori izan zen nire bizitzako lehen lan-kontratua.
Gizon haren izena Tanba Tegiano zen, eta gidatzen zuen kamioiarena Behn. Behn oso kamioi handia zen eta ni txikiegia nintzen hura gidatzeko, baina beste gauza asko egiten nuen. Olioa bota, gurpilak puztu, edo karga lotzen lagundu. Karga lotu ezin nuenean gainean eserita joaten nintzen. “Hola gutxiago mugituko da”, esaten zuen Tanbak.
Aprendiz egin nituen sei hilabeteetan kamioien tik-tak asko ulertu nuen. Pertsonenak ere bai. Adibidez Tanba ez zen musulmana, ez zituen Koraneko bertsoak irakurtzen, eta ez zituen eguneko bost otoitzak egiten. Beste talde batean jokatzen zuen, katolikoekin. Katolikoek beste taktika batzuk dituzte, beste ohitura batzuk. Hori dena esplikatu zidan Tanbak. Eta nik, “lasai, Tanba” esan nion, “zure Behn kamioia oso handia da eta barruan jende asko kabitzen da”.
Tanba gizon ona zen, ez dakit nola eskertu nigatik egin zuen guztia. Jatekoa eman zidan, jantziak eman zizkidan, eta familia bat. Sei hilabetez haren etxean bizi izan nintzen. Tanba, bere emaztea, eta bi haur, guztira lau pertsona. Nirekin bost. Haiek gela batean egiten zuten lo eta nik salan, tapiz gainean.
Egun batean etxera deitu nuen.
Amak hartu zuen, “alo?”. Galdetu nion ea zer moduz zegoen, eta, “djantou”, erantzun zidan. Hitz horrek pularrez ondo esan nahi du. Baina gero anaia txikiari eman zion telefonoa, eta hark ez zidan “djantou” esan. “Ibrahima, ama ez dago ondo, osasun aldetik zailtasun batzuk ditu. Nik ez dut dena ongi ulertzen baina pixka bat ikaratuta nago, ahal baduzu etxera itzuli behar duzu”. “Oke”, erantzun nion, eta telefonoa pausatzean eskua pixka bat izoztu zitzaidan. Tanbari zerbait esan nahian hasi nintzen.
“Tanba, nire ama ez da ongi sentitzen, zure baimena nahi nuke Gineara itzultzeko”. “Ibrahima, oraintxe hasi zara kamioi astunen mundua pixka bat ulertzen, eta orain, joan egin nahi duzu?”. “Ez, ez da hori”, azaldu nion, “nik hemen gelditu nahi dut, baina joan egin behar dut, ama oso gaixo dago, Alhassanek eskatu dit itzultzeko”. Tanba isilik gelditu zen, eta, “badakit”, esan zidan, baina nik ez nuen ulertu zer zekien. “Nahi baduzu deituko dugu berriro”, insistitu nion, “hitz egin zuk amarekin, edo Alhassanerekin, nire arrazoiak hobeto ulertzeko”. Berriz isildu zen, eta “badakit”, esan zidan, “ulertzen dut, joan behar baldin baduzu lagunduko dizut”.
Zaku handi bat eman zidan, dena arropaz betea. Eta diru pixka bat. Sosa poltsikoan eta zakua bizkarrean hartu eta Konakryra itzuli nintzen. Konakrytik zuzenean hartu nuen Kankalaberako autobusa. Handik Thiankoira, oinez.