Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
IV
Gure aita gizon ona zen, baina gaixotasun bat zuen, diabetesa. Noiznahi ospitalera joaten ginen, eta ospitalera joatean ezin ginen gure mahaitxoan egon. Orduan asko jaitsi ziren salmentak. Eta dirurik gabe gelditu ginen.
Aita galdera zailak egiten hasi zitzaidan, “Ibrahima, nola moldatuko gara orain? Ni ez nago osasun onean, eta zu haurra zara oraindik”. Nik esaten nion, “zaharra, ikasketak utzi eta diruaren bila abiatuko naiz”. Baina hori ez zuen nahi. “Zu txikia zara”, erantzuten zidan, “zuretzat goiz da, hori geroago egingo duzu”. Baina gero ez da beti iristen.
Arratsalde batean hamaseiak zero zerotan itzuli nintzen eskolatik. Etxera sartu, pixka bat garbitu, eta kalera jaitsi nintzen aitarengana. Baina egun hartan aitak ez zuen bere buruaren antzik. “Ibrahima, hotzak nago”, esan zidan. “Dakor”, erantzun nion, “etxera joango naiz beroki baten bila, eman hiru minutu”. “Azkar ibili”, esan zidan. Beroki bat eta aulki bat jaitsi nizkion eta eserita egon zen. Ni merkantziak biltzen hasi nintzen, baina egun hartan aitak ez zuen bere buruaren antzik.
Etxera itzuli ginenean ea gose nintzen galdetu zidan. “Ez, ongi nago”, erantzun nion. “Orduan meskitara joango naiz, otoitz bat egin eta etxean naiz”. “Dakor”, esan nion, “hemen itxarongo dizut”. Etxera itzuli zenean ea otoitzik egin nuen galdetu zidan. Nik baietz esan nion, baina gezurra zen.
Ordutik askotan oroitzen naiz gezur hartaz. Ez nion egia esan, egia oso tristea zelako. Hark otoitz egin bitartean ni pentsatzen egon nintzen. “Aitarik gabe gelditzen banaiz akabo nire bizitza. Bera da laguntzen ahal didan bakarra, ikasketak ordaintzeko diru pixka bat duena”. Hori dena pentsatu nuen. Baina ez nion esan. Beste otoitz bat egin, eta lotara sartu ginen. Hogeita batak zero zero izango ziren.
Hogeita hiruak zero zerotan aita berriz esnatu zen. Ni ez nengoen lo. “Buruko min handia dut”, esan zidan. Mila frankoko billete bat eman eta medikamentua erostera bidali ninduen. “Paracetamol”, esan zuen. Kalera jaitsi nintzenean dena ilun zegoen, botika denak itxita zeuden. Etorbidean beheraino segitu nuen, gutxi gorabehera hiru kilo, baina alferrik. Paracetamolik gabe itzuli nintzen etxera. “Ez da ezer”, esan zidan aitak, “pasako da”, baina gorputza ukitu nion eta sutan zeukan. Hola egon ginen biak elkarren ondoan denbora pixka batean. Eta nik lo hartu nuen.
Goizeko seietan esnatu nintzen. Konturatu nintzen aita lo zegoela. “Aita”, esan nion, “jada goiza da, normalean zuk esnatzen nauzu, baina gaur ez nauzu esnatu”. Ez zidan erantzun. Hiru aldiz errepikatu nion, eta ez zidan ezer erantzun. Gero bere ohea jo nuen hatz muturrekin, ea esnatzen zen, baina ez zen mugitu. Eskua kokots azpian jarri nion eta izotza ukitzea bezala izan zen. Gorputz guztia ukitu nion. Dena izotza. “Aita”, hasi nintzen berriro, “goiza da jada, zuk esnatzen nauzu beti, baina gaur ez nauzu esnatu”. Ez zidan erantzun, eta ikaratzen hasi nintzen.
Holakoetan nik ez dakit zer egin behar den, eta etxetik oihuka atera nintzen, “faabo, faabo”. Hitz horrek gure hizkuntzan laguntza behar dut esan nahi du. Auzokoak etorri ziren, eta, “Ibrahima, zer gertatzen da?” galdetu zidaten. “Aitak zailtasun batzuk ditu”, esplikatu nien, “sartu eta ikusiko duzue”.
Auzoko batek besteari deitu zion, eta beste horrek beste bati. Ni konturatzerako gure etxean mugimendu handia zegoen. Azkenean norbait imamaren bila abiatu zen. Iritsi zenean, lehenik aitari begiratu zion, eta gero niri. Gero berriz aitari. Orduan niregana hurbildu, eta, “Ibrahima, nirekin etorri behar duzu”, esan zidan. “Ezin dut”, erantzun nion, “hemen gelditu behar dut”. “Ez, Ibrahima, nirekin etorriko zara, ezinezkoa da hemen gelditzea”, tematu zen imama. “Berdin zait”, erantzun nion, “edozer gauza gertatzen dela ere, ni hemen geratuko naiz aitarekin”.
Zerbait ezkutatzen ari zitzaizkidala iruditu zitzaidan, eta esan nien: “Ni naiz etxetik laguntza eske atera dena. Zerbait gertatzen bada uste dut jakin egin behar dudala arazoa zein den”. Aitak bizia galdu zuela esan zidaten.