Miñan
Miñan
2019, nobela
152 orrialde
978-84-17051-34-1
Azala eta mapak: Yanaita Araguas
Amets Arzallus Antia
1983, Hendaia
 
 

 

VII

 

 

Hortzetako mina Zawiyan hasi zitzaidan, oiloen hangarrean. Eta Ghardaiaraino nire atzetik etorri zen. Egiten nuen, “min honek ez ote nau inoiz ahantziko?”. Eta desesperatzen nintzen, minak ez baitzuen mugarik. Egunez bezala gauez. Ez nuen lorik hartzen.

      Medikamentu baten bila ibili nintzen, baina ez nuen sosik, eta ez zidaten eman. “Pasako da”, esan zidaten, eta ez zen pasatu. Hiltzeko gogoa nuen, gero eta handiagoa. Otoitz ere egiten nuen, hil nendin. Bai, otoitz. Nik ez nuen hemen gelditu nahi. Zertarako? “Han bazaude, hilik”, pentsatzen nuen, “lasai egon zaitezke, inork ez zaitu molestatuko, inork ez zaitu joko, inork ez zaitu irainduko. Gainera ez zara gose izango, eta ez duzu urik edan beharko”. Hori dena pentsatzen nuen.

      Kalera irten eta soka baten bila abiatu nintzen. “Hari bat behar dut”, esaten nion jendeari, “soka fin bat, baina lodi baten indarra duena”. Ez zidaten ulertzen. Eta nire aurretik pasatzen ziren, han ez banengo bezala, mutu bat bainintzan. “Jaarama buy”. Egun oso batez ibili nintzen Ghardaian soka baten bila, baina ezer ez. Ez zidan inork entzun, ez zidan inork eman.

      Azkenean, Ivuren aterpetxera itzuli nintzen. Ivu bolikostarra da, eta trankilo batean egiten du lan Ghardaian. Hara sartu eta tapiz luze bat ikusi nuen, horko moketa hori bezalakoa, baina pixka bat luzeagoa. Hari mutur batzuk solte zituen, ongi josi gabe, askatzen hasiak. Horietako bati indarrez tira eta tapiz barrutik kanpora atera zen, oso-osorik, haria. “Honekin saiatuko naiz”, pentsatu nuen, eta hasi nintzen.

      Bat, mutur batean korapilo bat fabrikatu nuen, un noeud de tête. Bi, ahora sartu, eta gogor tinkatu nuen. Bai, “orain hortza preso dago”. Hiru, hariaren beste punta nire oin bati lotu nion, hola. Eta hankarekin hortzari tiraka hasi nintzen. Lehenik ezkerrera eta gero eskuinera, behin eta berriro. Askotan errepikatu nuen mugimendu hori. Hortza batera eta bestera zebilen, kolunpioan bezala, baina ez zuen atera nahi. “Badakit”, pentsatu nuen, eta oina lurrean utzirik, zutitu egin nintzen. Krak. Lurrera erori zen. Hortza. Bere hari eta guzti.

      Aurpegiaren alde bat puzten hasi zitzaidan, zodiak bat bezala. Hasi masailetik eta kopetaraino. Begirik ere ez zen ikusten. Hondoratua gelditu zen, haragiaren azpian, preso, zabaldu ezinik. Hola ibili nintzen, bizpahiru astez. Azkenean, haragia haizea galtzen hasi zen, eta ahoko mina, poliki-poliki, desagertzen joan zen.

      Osatu nintzenean, “lanean hasi behar dut”, pentsatu nuen. Eta Ghardaian lana bilatzeko espaloira abiatu nintzen, Ismail txikiak erakutsi zidan hartara. Gizon zahar bat hurbildu zitzaidan eta ea zimenta nahasten banekien galdetu zidan. Nik baietz erantzun nion, “bien sûr”.

 

 

Aste oso bat pasatu nuen Ghardaian, izerditan, zimenta nahasten. Izerdi horrek indarra eman zidan. Indarra esaten dudanean bizitzen segitzeko intentzioa esan nahi dut. Diru pixka bat irabazten hasi nintzen, eta baita mundu honetan leku bat izan nezakeela ulertzen ere.

      Baina munduak leku bat baino gehiago du, eta nire ondoan zimenta nahasten zuen batek, “Aljerren hemen baino lan gehiago dago, eta hobeki ordaintzen dute”, esan zidan. “Oke”, eskertu nion, eta lana bukatutakoan geltokira jo nuen.

      Ghardaia-Aljer, mila eta berrehun dinar. Hogeita biak zero zerotan abiatu nintzen Ghardaiatik eta eguna argitzean Aljerren nengoen.