Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
I
Sigirira biharamun arratsaldean iritsi nintzen, hamaseiak zero zerotan. Ilundu arte han egon nintzen, pentsatzen, “nola segituko dut aurrera?”. Bamakora joan nahi nuen, baina ez zen merkea, nahiz eta amak hiru ahuntz saldu. Galdezka ibili nintzen han eta hemen, eta azkenean kamioi gidari bat ikusi nuen.
“Nora zoaz?” galdetu nion. “Bamakora”, erantzun zidan, “hamabostero egiten dut Konakrytik Bamakorako joan-etorria”. “Ni ere askotan ibili naiz kamioian”, aipatu nion, “badakit gidariari trabarik egin gabe joaten”. Isilik gelditu zen, begira. Aurpegira, gorputzera, poltsikora. “Zenbat diru dakarzu?”. “Gutxi”. “Hogeita hamahiru mila franko ematen badizkidazu eramango zaitut”. “Oke”.
Atzeko atea ireki, eta, “igo”, esan zidan. Gari artean gordeta egin nuen bidea.
Bamako bidegurutze bat da. Bide asko iristen da hara, eta gero berriz abiatzen dira. Bideak, jendea, eta merkantzia. Inor ez da han gelditzen. Geltokian, susuz hizketan aditu, eta, “ginear batzuk dabiltza hemen”, pentsatu nuen. Haietako bati, “Gaora hemendik joaten al da?” galdetu nion. “Ez”, erantzun zidan, “Gaora doazen autobusen geltokia ez da hau, hau Gineako parkea da. Gaoko parkea han dago”. “Nik ez dut Bamako ezagutzen”, esan nion. “Zatoz nire atzetik”, erantzun zidan.
Bamakoko kaleetan zehar ibili ginen. Lehenik eskuinera, gero ezkerrera, gero ez dakit nora. Orain ez naiz gogoratzen. Baina iritsi ginen.
Gaoko parkea oso handia da. Han, jende asko zegoen. Batzuk bankuetan lo, besteak kafea hartzen. Batzuk haurra bizkarrean lotzen, besteak kontutan. Txarteldegira hurbildu eta, “Gaorako autobusak zenbat balio du?” galdetu nuen. “Bamako-Gao, bederatzi mila franko”, erantzun zidan saltzaileak. Maliko dirua ere frankoa da, baina CFA izena du, eta ez da Ginean bezala kontatzen. Malin, bederatzi mila franko, gutxi gorabehera, hamahiru euro da. “Oke”, esan nion saltzaileari, eta tiketa eman zidan.
Bidean ilun egiten zuen eta autobusak lo hartu zuen. Esnatu nintzenean basamortua zen.