Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
II
Gaorako bidea luzea da. Eta ez da erraza. Beroak kristala erretzen du, eta kristalak belarria. Autobusa ez da gelditzen. Lo hartzen duzunean ere autobusak aurrera segitzen du. Aurrera, urrun, gau bat baino urrunago.
Bi gau. Eta hiru. Eta Gao.
Autobusa zubi baten ondoan gelditu zen, eta denak han jaitsarazi gintuzten. Zubiaren alde batean Maliko soldaduak zeuden, eta beste aldean tuaregak. Nik biak ikusten nituen, eta biek zeramatzaten armak. Bakoitzak bere aldea zaintzen zuen, gerra batean bezala. Baina gu iritsi ginenean keinu egin zioten elkarri, eta mugimenduak koordinatu zituzten.
Bai, trafikoa elkarrekin antolatua dute. Migranteen trafikoa.
Autobusak zubi sarreran utzi ninduen, Maliko soldaduen ondoan, baina ezin izan nuen zubia oinez igaro. “Stop”, abisatu zidan soldaduak, “egon hor”. Zubiaren beste aldetik tuaregen pick-upa etorri zen nire bila, eta hark eraman ninduen. Maliko soldaduak dena ikusi zuen eta ez zuen ezer esan.
Pick-upean bederatzi pertsona gindoazen, eta bidean gizon armatu bat galdezka hasi zitzaigun, “Musa Onze edo Musa Kone?”. Musa Onze gerrako buru bat da, eta Musa Kone beste bat, bien artean Mali iparralde osoa kontrolatzen dute. Hori orain badakit, baina orduan ez nekien ezer, lehen aldia zen izen horiek entzuten nituena. “Nik ez daukat hemen inongo kontakturik”, esan nien. “Aljeriara joan nahi duzu?” galdetu zidaten, eta, “oui”, erantzun nien.
Baina ez ninduten eraman.
Pick-upa pareta handi baten ondoan gelditu zen. Paretaren erdian ate txiki bat ireki zen, behetik gora, eta barrura bultzatu ninduten. “Allez, sartu horra”. Barrua, eremu itxi bat zen, horma eta sarea. Eta horma artean jendea, jende asko, preso. Ez dakit zenbat izango ginen, ehun eta hirurogei, ehun eta laurogei, ez dakit. Zenbakiak handiak direnean zaila da kalkulatzea, baina asko ginen. Denak ni bezalakoak.
Zaintzaileek dirua eskatzen ziguten, “ordaindu eta Aljeriara joango zara”. Eta gero fusila altxatzen zuten, “ordaintzen ez baduzu akabatu egingo zaitugu”. Hori egiten zutenak ez ziren haurrak, ni baino adintsuagoak ziren, eta bazekiten zertan ari ziren. Baina hala ere egiten zuten.
Nik amaren hiru ahuntzak utzi nizkien, zazpiehun mila franko ginear, hirurogeita hamar euro. “Ez duzu gehiagorik?”. “Ez”. Nire izena zerrenda batean idatzi zuten, eta handik egun batzuetara kamioi bat etorri zen gure bila.