Miñan
Miñan
2019, nobela
152 orrialde
978-84-17051-34-1
Azala eta mapak: Yanaita Araguas
Amets Arzallus Antia
1983, Hendaia
 
 

 

XVII

 

 

Goizeko seiak ziren, eta etzan orduko lo hartu nuen. Ordu bi, edo hiru, ez gehiago. Kolpez esnatu nintzen. “Alhassane? Miñan?”. Haren arrastoa aurkitu behar nuen. “Alhassane? Miñan?”. Trankilo osoa pertsonaz pertsona begiratu nuen. Baina, “ez, Alhassane ez dago hemen” etsi, eta kalera atera nintzen.

 

 

Taf-taf. Sabrathako kalea ez da Konakrykoa. Sabrathan ez dabil inor. Etxe erori batzuk. Noizean behin pick-up bat, abiada bizian. Tiro batzuk. Taf-taf. Kito. Isiltasuna. Libia hola da, ez da pertsona bizitzeko lekua.

 

 

Nik argazki txiki bat neraman, eta ahal nuenari hori erakusten nion. “Miñan, bai, nire anaia txikia, Alhassane, ikusi duzu?”. Batzuek argazkia eskutan hartzen zuten, ongi begiratzen zioten, eta zerbait esaten zidaten, “ez, ez dut ikusi”. Edo, “bai”. “Bai?”. “Bai, ezagutzen dut, baina aspaldi da ikusi ez dudala, orain ez dabil hemen”. Beste batzuk ez ziren gelditzen ere, ez zuten astirik.

      Haur batek esan zidan Baba Hassanek eremu bat baino gehiago zituela. “Baba Hassan pertsona bakarra da baina Libian etxe asko dauzka. Sabrathan bi, bi Baba Hassan, Zawiyan beste bi, eta Tripolin gehiago”. “Ah bon?”. “Bai, Baba Hassan aberatsa da, migranteekin diru asko irabazten du. Eta irabazitako diruarekin etxe berriak erosten ditu...”.

      Ah bon?