Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
IX
Ismail txikia ez da besteak bezalakoa. Pertsona batzuk desberdinak izaten dira eta Ismail holakoa da. Ezagutu nuenean hamalau urte zituen, eta txikia zen, horregatik esaten dut Ismail txikia. Orain ez dakit zenbat urte izango dituen. Hamasei, agian hamazazpi, ez dakit. Nire aitak esaten zuen denbora ez dela denentzat berdin pasatzen, eta egia da.
Ismailek eta biok sei hilabete egin genituen elkarrekin. Hasi Timiauinetik eta Ghardaiaraino. Han bereizi ginen eta geroztik ez dut berriz ikusi. Baina oraindik, noizbehinka, hankak handitzen zaizkit eta Ismail txikiarekin oroitzen naiz.
Bat, masajea eman zidalako. Behera eta gora, hanka bietan, hiru egunez. Bi, berriz oinetakoak jantzi, eta ibiltzen hasi nintzelako. Poliki-poliki, lehenik hanka bat eta gero bestea, minik hartu gabe. Eta hiru, lana non aurki zitekeen erakutsi zidalako. Hori dena egin zuen Ismail txikiak nire alde.
“Timiauinen lana bide bazter batean egoten da”, esan zidan, “guk hara joan behar dugu, eta han egon, mugitu gabe, lanaren zain”. “Oke”. “Lana berehala etorriko da, ikusiko duzu”. Pixka bat itxaron genuen, minutu bat, bi minutu, eta zahar bat azaldu zen, zahar bat kamioneta zaharrago batean. Hondar pila zegoen tokira eraman gintuen, eta, “orgatxoa hemen kargatu behar duzue”, agindu zigun. “Kargatu eta gero ekarri niregana”.
Bidaia bakoitzeko berrehun dinar ordaintzen zigun. Berrehun dinar gutxi gorabehera bi ordu da, batzuetan pixka bat gehiago. Egun bakoitzean lau aldiz egiten genuen hori, beraz egun bakoitzak zortziehun dinar balio zuen, sei bat euro.
Timiauinen hola egin genuen lan hiru astez, orgatxoa hondarrez bete eta hustu. Laugarren astean Bordjera abiatu ginen.